Miren Artetxe nagusitu da Xilabako bigarren faseko bigarren saioan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

Miren Artetxek bildu zuen puntu gehien larunbateko saioan.

Larunbatean jokatu zuten Muskildin Xilaba txapelketako bigarren faseko bigarren saioa. Miren Artetxe nagusitu zen, eta Haira Aizpurua saratarrak hirugarren postua lortu zuen. 

200 entzule parean zituztela egin zuten larunbatean Muskildiko saioa. Sei bertsolari izan ziren oholtzan: Bittor Thicoïpe, Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua, Miren Artetxe, Mizel Mateo eta Oier Urreizti. 

Lan puntuagarriak eginda. Miren Artetxe hendaiarrak bildu zituen puntu gehien eta beraz, baita, hurrengo fasean kantatzeko txartela ere. Honela gelditu zen sailkapena: 

  1. Miren Artetxe Sarasola 425,5 puntu.
  2. Elixabet Etxandi Goienetxe 397,5 puntu.
  3. Haira Aizpurua Ibargarai 393 puntu.
  4. Mizel Mateo Sallaberry 380 puntu.
  5. Oier Urreizti Lafitte 364 puntu.
  6. Bittor Thicoïpe Leizagoien 359.5 puntu.

Heldu den larunbatean eginen dute fase honetako azken saioa Hiriburun. 

Txapelketaren azken txanpa

Fase hau bukatu, eta saio bakoitzeko irabazlea eta puntuazio altuena duten bederatzi bertsolariak sailkatuko dira final aitzinekoetara. Eskualdeko bertsolariei dagokionez, Maddi Ane Txoperenak lortua du txartela hurrengo faserako. Haira Aizpuruak, Karlos Aizpuruak eta  Josu Txoperenak berriz, larunbatera arte itxaron beharko dute sailkatu diren ala ez jakiteko. 

Final aitzinekoak Baigorrin urtarrilaren 10ean eta Bardozen 17an eginen dituzte, eta finala, berriz, urtarrilaren 31n Donibane Lohizuneko Jai Alain. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun