David Albiasu narbartearrak irabazi du IV. Bortz Kirol txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

David Albiasu txapeldun eta Julen Iriarte txapeldunorde, Errekako ordezkariekin eta lehen hiru edizioetako txapeldun izan den Jerome Karrikabururekin.

Doneztebeko Erreka elkarteak laugarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketako finala jokatu zuten larunbat eguerdian Narbarteko Julen Iriartek eta David Albiasuk Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Txapelketako partida guztiak irabazita ailegatu ziren bi narbartearrak finalera eta final ederra eta parekatua eskaini zuten. Azkenean, bortzetik bi modalitatetan bakarrik irabazi arren, Albiasu gailendu zitzaion Iriarteri (64-60).

Larunbat eguerdian Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatutako final estuan 64-60 irabazi zion Julen Iriarte herritarrari

Izan ere, xaren Iriartek irabazi zuen (13-15), Albiasu joko garbin nagusitu zen (15-9), Iriartek eskularruarekin berriz ere bi tantogatik irabazi zuen (13-15), baina Albiasuk, bere modalitate kuttunean, paletaz, 15-9 irabazi zuen. Beraz, tantoen aldeagatik, eskuz bortz tanto egitea aski zuen Albiasuk txapela janzteko eta, lana gogotik egin ondotik, zortzi lortu zituen. Beraz, Julen Iriartek eskuz 8-15 irabazi eta bortz modalitatetatik hirutan garaipena lortu arren, txapela Albiasuk lortu zuen.

Sari banaketan, Errekako Joseba Legarra eta Gorka Urtasunekin batera, lehen Bortz Kirol txapelketako lehen hiru edizioak irabazi zituen Jerome Karrikaburu ere izan zen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun