Baztan-Bidasoaldeko 60 enpresa baino gehiago bildu ditu lehen aldiz ‘Don Miguel de Muzquiz’ Enpresa Klubak

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

Baztan-Bidasoaldeko Enpresa Klubeko kideak, Nafarroako Gobenuko bi kontseilariekin, ortziralean, Bertizko Jauregiko atarian.

Lehen aldiz, Baztan-Bidasoa eskualde osoko enpresaburuek bat egin dute 'Don Miguel de Muzquiz' Enpresa Klubaren inguruan. Joan den ortziralean aurkeztu zuten kluba Bertizko Jaurerriko Jauregian eta 60 enpresa baino gehiagoren ordezkariak bildu ziren. Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Enpresa Digitaleko kontseilaria eta Jose Mª Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria izan ziren ekitaldiaren buru. Beraiekin batera, Javier Mariezcurrena Enpresa Klubeko lehendakaria, Joseba Martikorena lehendakariordea eta, klubeko gazteen mahaiko Maria Irigoien izan ziren mahaian. Iñaki Larraya Sodena sozietate publikoko zuzendari kudeatzailea ere ekitaldian izan zen, eskualdeko hainbat alkate eta udal ordezkarirekin batera.

Joan den ortziralean Bertizko jauregian egindako aurkezpen jendetsura azaldu ziren Mikel Irujo eta Jose Maria Aierdi kontserilariak ere

Baztan-Bidasoaldeko Enpresen Kluba 2025eko otsailean sortu zen, irabazi asmorik gabeko elkarte gisara. Construcciones Mariezcurrena, Martiko, Aroz-Berri, Truck &Wheel Logistics, Transportes Villares, Venta Peio, Grupo Biok, Lapitxuri Distribuciones y Rural Makers izan ziren sustatzaileak eta zuzendaritza batzordea Javier Mariezcurrenak (lehendakari), Joseba Martikorenak (lehendakariorde), Jesus Urrutiak (idazkari) eta Juan Luis Llonesek (diruzain) osatzen dute.

Maria Irigoien, Mikel Irujo, Javier Mariezcurrena, Jose Maria Aierdi eta Joseba Martikorena, aurkezpenan.

Ekimena eskualdeko geldialdi ekonomikoaren aitzinean hartutako konpromisotik eta kezka partekatutik sortu da, baita garapen sozioekonomikoa suspertzeko beharretik ere, landa ingurunean enpresa lankidetza eta berrikuntza sustatuz. Javier Mariezcurrenak mahai gainean paratu zituen eskualdean sumatzen dituzten gabeziak, «industrialde, etxebizitza eta zerbitzu eskasia, argindar sare saturatu bat eta pixkanaka iristen ari diren azpiegiturekin». Joseba Martikorenak azaldu zuenez, «eskualdeko enpresen %70 ordezkatzera ailegatu nahi dugu. Mahai ezberdinetan lan egingo dugu, sektore guztiei lekua egiteko».

Enpresari gazteen mahaiko Maria Irigoienek aipatu zuenez, «hazi egin nahi dugu, handiak izan eta hemen egin nahi dugu hori, gure lurraldean, lanera Iruñera edo bertze nonbaitera joan beharrik gabe. Ideia berriekin gatoz, ausardiaz, kide garen familia enpresetan sinesten dugu».

Don Miguel de Múzquiz

Klubaren izena, D. Miguel de Múzquiz, 1719an Elbeten sortutako gizon bati zor zaio. Espainiako Carlos III.a erregearen ogasun ministro izatera ailegatu zen eta kargu horretatik hainbat erreforma eragin zituen nekazaritza, industria eta merkataritza arloetan eta Espainiako Bankuaren sustatzaile nagusietako bat izan zen.

Klubaren helburua erakunde publiko eta pribatuen aitzinean ordezkari gisa aritzea da, eskualdeko enpresarien interesak defendatuz eta programa eta ekintza bateratuak sustatuz: informazioa lortu, trukatu eta aztertzea, aukerak eta arriskuak aurreikusteko eta lehiakortasuna hobetzeko; eta tokiko produkzio ehundura indartuko duten eta enpresen berrikuntza eta hazkundea hurbilduko duten estrategiak eta ekintza planak diseinatzea eta inplementatzea.

Datorren urterako programari dagokionez, enpresak garatzeko eskualdeko proposamena egin nahi dute. Horretarako, sektore produktiboen araberako eztabaida-mahaia antolatuko dute. Bazkide diren 60 enpresa baino gehiago daude: eraikuntza eta etxebizitza, automobilgintza eta garraioa, metala eta makineria, nekazaritza industria eta bioteknologia, osasuna eta ongizatea, 4G turismoa, energia eta ingurumena eta artea eta kultura arloetakoak.

Hainbat enpresari eta udal ordezkari bildu ziren ortziraleko aurkezpenean.

Klubak, gainera, enpresari gazteak biltzen dituen atal berezi bat du, belaunaldi berriek eskualdeko bizitza ekonomikoan parte har dezaten sustatzeaz arduratuko dena.

Irujo kontseilariak enpresarien funtsezko zeregina azpimarratu zuen. «Bailara hauetako aberastasuna eta enplegua enpresek kudeatzen dute neurri handi batean. Enpresariaren figura baloratu behar da». Bere aldetik, Aierdi kontseilariak hau adierazi zuen: «Funtsezkoena da gobernantza parte-hartzaile bat egotea, eta, horretarako, hau bezalako ehun antolatu bat behar da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun