Etxebizitza

Hondakinen kudeaketa: arduraz jokatzeko modua eta legezko betebeharra

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 14a

Argazkia: Freepik.

Etxebizitza edo eraikin berri bat egin, zaharberritu edo eraisteko proiektu tekniko bat egin behar denetan beharrezkoa izaten da hondakinak nola kudeatu behar diren aztertzea.

Eraikuntza lanetan sortzen diren hondakinak behar bezala kudeatzea ez da soilik arduraz jokatzeko modua, legezko betebeharra ere bada. Hondakinak kudeatzeko araudia behar den bezala betetzen bada, zigorrak saihestu, lizentziak lortzea erraztu eta jasangarritasunaren alde egiten da.

Etxebizitza edo eraikin berri bat egin, zaharberritu edo eraisteko  proiektu tekniko bat egin behar denetan, beharrezkoa izaten da hondakinak nola kudeatu behar diren aztertzea. 105/2008 Errege Dekretuak arautzen du horren prestaketa eta gutxieneko baldintzak ezartzen ditu hondakinak murriztu eta behar bezala kudeatzeko.

Hala, udal baimena lortzeko aurkeztu behar den obra proiektuaren eranskinetako bat izanen da hondakinen kudeaketari dagokiona. Bertan zehaztu beharko dituzte hondakinen tipologia eta aurreikusitako kopuruak, segregazio eta bilketa plana eta prebentziorako eta balorizaziorako hartu beharko diren neurriak. Zenbaitetan, fidantza bat ere eska dezakete udalek eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketagatik. Fidantza hau ordaintzea ez da beharrezkoa izanen etxegilea hondakinen kudeaketarako erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen bada.

Bakoitza bere tokian

Hondakin guztiak ezin dira zaku berean sartu eta, horregatik, motaren arabera sailkatzea ezinbertzekoa izaten da. Hondakina sortzen den momentuan bertan sailkatu eta bereizten bada, gerora,  lana eta dirua aurrezten da. Hiru multzotan bana daitezke eraikuntza lanetan sortzen diren hondakinak: 

  1. Hondakin inerte edo geldoak: Obrako hondakinak, hormigoia, adreiluak edo zeramika dira. Ez dira arriskutsuak eta ez dute eraldaketa fisiko-kimikorik jasaten.
  2. Hondakin arriskutsuak: pinturak, disolbatzaileak, substantzia arriskutsuen hondarrak dituzten ontziak,  olioak, fluoreszenteak edo bateriak. Edukiontzi bereziak eta kudeaketa espezifikoa behar dituzte.
  3. Tamaina handiko hondakinak: ateak, leihoak, isolamenduak edo altzari elementuak dira. Bertze hondakin ez-arriskutsu batzuekin nahas daitezke araudiak horretarako aukera ematen badu. 

Obrak irauten duen bitartean, hondakinak non gorde ere pentsatu behar  da. Hondakin motaren, sortutako bolumenaren eta obran erabilgarri dagoen espazioaren baldintzen arabera edukiontzi  bat edo bertzea aukeratu beharko da. Edukiontzi horiek alokatu egin daitezke eta badira, zerbitzu osoa eskaintzen duten eskualdeko enpresak ere. Edukiontziak alokatu eta hondakinak dagokion birziklatze gunera eramateaz arduratzen direnak. 

Legeak dio, hondakinen erregistroa eta jarraipena egitea  ezinbertzekoa dela: hondakin mugimendu guztiak  jaso behar dira, sortzen direnetik azken helmugara ailegatu arte. 

Garai batean, lurperatu egiten ziren obrako hondakin horietako aunitz. Gaur egun, ekonomia zirkularrean oinarrituta, bigarren erabilera bat ematen zaie eta hormigoia, asfaltoa edo tratatu gabeko obrako zura  birrindu egiten dira eta gerora, berrerabili egiten dira eraikuntzako bertze proiektu batzuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun