Eguberriak

Karrikan da Euskarazko Produktuen Katalogoa

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 13a

Opariak egiteko sasoia izaten da Eguberrietakoa, eta garai aproposa izaten da inguruko haurrei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosteko. Euskarazko Produktuen Katalogoan azken nobedadeak aurki daitezke.

Zer erosi duda dutenek, bertze urte batez, produktu horiek biltzen dituen katalogoa kontsultatzeko aukera izanen dute. 27. aldiz,  euskarazko produktuak biltzen dituen katalogoa osatu baitute. Papereko bertsioa, zein online bertsioak, biak ditu Euskarazko Produktuen Katalogoak. 

Alde batetik,  paperezko bertsioaren 56.000 ale banatu dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Bi azal izanen ditu bertsio horrek: azal batek 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei ematen die sarbidea, eta bertze batek 12- 16 urte bitartekoei.

Online bertsioa ere badu katalogoak. Katalogoa.eus maiztasunez eguneratzen den web orria da, argitaratzen diren produktu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta bizi-bizirik eta eguneratuta dago. Web orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bertzea. Web orriko produkturen bat erosi nahi izanez gero, produktuan klik eginez argitaletxearen denda birtualetara sartzeko aukera ematen du.

Bilaketa errazteko, gainera, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa ere egiten ahal da. Azken nobedadeak jakin nahi dituztenei, buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen die. Hartara, harpidedunek urtearen buruan hamar buletin hartuko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun