Eguberriak

«Dendan urteko eskaintzarik zabalena sasoi honetan izaten dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 14a

Duela hamar urtetatik euskal jantziak bakarrik saltzen ditu Mamen Garatek Hondarribiko Tirikitrauki dendan

Euskal jantziak armairutik atera eta soinean janzteko sasoia izaten dira eguberriak. Non erosi daitezke jantzi horiek ordea? Eta nola jantzi daiteke egoki? Inguruan euskal jantziak saltzen dituzten hiru lagunekin mintzatu da TTIPI-TTAPA gaiari buruz. 

Mamen GARATE, Hondarribiko Tirikitrauki euskal jantzi denda

25 urte ditu Hondarribiko Tirikitrauki Euskal Jantzi dendak. 2000. urtean ireki zuten, eta duela hamar urtetik euskal jantziak eta osagarriak bakarrik saltzen dituzte. «Hasieran gauza gutxi batzuekin hasi ginen, eta sektorea ezagutu ahala, duela hamar urte horiek bakarrik saltzea erabaki genuen». Mamen Garate arduradunaren hitzak dira. Bera aritzen da Hondarribiko mostradore gibelean lanean eta online denda ere badute.

Jantzi koloretsuagoak

Garateren hitzetan, duela urte batzuk kolore ilunak ziren nagusi euskal jantzietan, eta gaur egun, hori aldatzen ari da: «Hainbat dantza taldek eta ikerlarik ikerketak egin zituzten, eta hor ikusi zuten garai batean amonak beltzez bai, baina gaztetxoek koloretako arropa eramaten zutela. Horren ondorioz aldatu ziren euskal  jantziak eta sartu ziren gaur egun erabiltzen diren koloreak». Koloreak dira nagusi eskaintzan, eta bezeroek ere horien arabera egiten dute aukeraketa: «Egileak urtero saiatzen dira gauza desberdinak egiten, baina urtero izaten dira antzeko koloreak. Jendeak gustatzen zaion kolorearen arabera osatzen du jantzia, eta guk  konbinatzen laguntzen diegu».

«Mutilak gero eta gehiago animatzen dira arropa koloretsuagoak janztera»

Oinarrizko jantzia osatzeko arropa erosten dute gehienek: neskentzat gona, alkandora eta amantala, eta mutilentzat galtzak, blusa eta txapela. «Hori da oinarrizkoena eta printzipioz denek erosten dutena, eta hortik aurrera denetik izaten dugu: gerruntzea, tokilla, eta baita jertse antzekoak ere, berriagoa dena, eta ez dena hainbeste saltzen». 

Traje denetan dira nagusi koloreak Garateren bezeroen artean: «Mutilen jantzietan, Gipuzkoan aukera gehiago dago Nafarroan eta Iparraldean baino, eta mutilak gero eta gehiago animatzen dira arropa koloretsuagoak janztera», azaldu du. Horren adibide paratu ditu alkandorak: «Gizonezkoentzako lau modelotako atorrak izaten ditugu, eta gris ilun kolorekoa asko saltzen da eta aurten, proba modura, alkandora morea ekarri dut». Kaikuetan ere koloreak dira nagusi: «Lehen oso gutxi saltzen zen prenda bat izaten zen, eta orain gero eta gehiago saltzen da, eta kolore asko izaten dira aukeran».

«Jantzi guztiak eta neurri guztiak sasoi honetan izaten ditugu»

Dendara joaten direnak aholkatzen aritzen da Garate, eta nabarmendu du badagoela jende multzo bat «garrantzia ematen diona antzina janzten ziren bezala janzteari». Beste batzuek, aldiz, erosotasuna bilatzen duten: «Gazteek adibidez, San Tomasera joateko nahiago dute eroso jantzi, eta erdipurdi janzten dira botekin edo kirol oinetakoekin. Pena ematen dit, baina horrela izaten da». 

Eguberrietarako prestatzen

Eguberriak hurbildu ahala, igo egiten da  bai bezero kopurua, eta baita dendan izaten duten arropen eta osagarrien eskaintza ere: «Jantzi guztiak eta neurri guztiak sasoi honetan izaten ditugu, eta bezeroek ere badakite hori». Izan ere, bezeroek eguberrietarako nahi izaten dute arropa normalean: «Guraso asko etortzen dira haurrentzako arropa eske, haurrak eguberrietan  janzten direlako, eta haurren arrimuan beraiek ere janzten dira. Haur sortu berrientzat ere izaten dugu arropa, bost edo sei hilabeterekin ongi gelditzeko moduan». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun