Termometroek hartu dute beheranzko bidea eta izanen dira dagoeneko lehenbizikoz sua edota berogailua piztu dutenak. Ezustekoak ekidin eta neguari behar bezalako hasiera emateko, komeni da galdararen, erradiadoreen edota tximiniaren egoera zein den begiratzea. Berokuntza sistemaren mantentze egokia egiten bada, beroa hobeki eta modu homogeneoan hedatzen da, ura usteldu eta sedimentuen metaketa ekiditen da, energia gutxiago kontsumitzen da eta ur ihesak edo bertzelako arriskuak saihesten dira.
Galdara urte osoan egoten da martxan, baina erradiadoreak denbora luzean itzalita egon direnez, komeni da garbiketa bat egitea. Kontuan izan behar da hautsa erradiadorearen barnean pilatzen bada, aire beroaren irteera oztopatzen duela. Erradiadoreentzako bereziak diren eskuilak arras erabilgarriak dira zeregin horretarako. Kanpotik, berriz, xurgagailua edo trapuren bat pasa daiteke gaineko eta azpiko aldeak garbitzeko.
Hurrengo pausoa, erradiadoreak purgatzea izanen da. Erraza da prozedura: erradiadorearen giltza ireki eta erortzen den ura bildu behar da. Pauso hau egiten ez bada, erradiadoreen zirkuitu eta hodietan aire burbuilak pilatzen dira, eta horren ondorioz, gutxiago berotu eta fakturak goiti egiten du.
Hiru edo lau urtetik behin berokuntza sistemaren garbiketa sakonago bat ere egin behar izaten da ongi funtzionatzeko eta galdararen azterketak ere egunean izatea komeni da. Arazoren bat egon daitekeela erakusten duten seinaleei adi egotea ere ezinbertzekoa da: ura edo erradiadoreak behar bezala berotzen ez direla ikusten bada, berehala eskatu behar da profesionalen laguntza.
Tximiniak urtean behin garbitzea ere nahitaezkoa da, alabaina, erabileraren arabera, gehiago edo gutxiago garbitu beharko litzateke. Baserri batzuetan adibidez, urte osoan pizten dute sua, baita abuztuan ere, horregatik da derrigorrezkoa urtean behin garbitzea. Kasu batzuetan bi aldiz garbitzea ere ez legoke gaizki; instalazio bereziagatik, etxearen kokalekua edo orientazioagatik gehiago zikintzen bada.
Egun bateko lanak, hilabetetako lasaitasuna dakarrenez, utzi nagikeriak eta prestatu etxea neguan goxo egoteko.