Etxebizitza

Iturgintza: Egunez egun aldatzen ari den sektorea

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 14a

Irtenbide jasangarriagoak, adimentsuagoak eta eraginkorragoak lortzeko lanean ari dira. (Argazkia: Freepik)

Teknologiari esker, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira iturgintzako hainbat arlotan; irtenbide jasangarriagoak, adimentsuagoak eta eraginkorragoak lortuz. 

Iturgintzaren arloa etengabe ari da eraldatzen irtenbide jasangarriagoak, adimentsuagoak eta eraginkorragoak lortzeko. Hala, azken joerek soluzio berritzaileak eskaintzen dituzte ura eta energia aurrezteko, ingurumena babesteko eta guztion bizi kalitatea hobetzeko. Gaur egun, ingurumenarekiko kezkak gure bizitzako maila guztiak hartzen ditu. Izan ere, gero eta pertsona gehiagok nahi dituzte irtenbide jasangarriak etxeetan, eta ingurumena errespetatzen duten eta energia eta ura aurrezteko aukera ematen duten materialak bilatzen dira. Horien artean, geroz eta gehiago erabiltzen dira euri ura biltzeko sistemak. Sistema horiek euri-ura jasotzen dute, eta garbiketarako, ureztatzeko eta edateko urik behar ez duten beste jarduera batzuetarako erabili ahal izateko. 

Materialak

Iturgintzan kontuan hartzeko bertze joera bat erresistentzia handiagoko eta iraunkorragoak diren materialak erabiltzea da. Duela urte gutxi batzuk, burdinurtuzko hodiak ziren eraikinetan erabilienak. Gerora, teknologian egindako aurrerapenei esker, material berriak agertu dira: PEX, PVC, PB eta abar. Denboran luze irauten dutelako eta korrosioari ongi eusten diotelako nabarmentzen dira. 

Aurrerapen teknologikoak

Teknologiak hodi adimendunak sortzea lortu du. Hodi horiek buxadurak, ihesak eta izozteak detektatzen dituzten sentsore bat edo gehiago dituzte. Sentsore horiek etxeko domotikara edo gailu mugikor batera seinaleak eta abisuak bidaltzen dituzte. Hainbat arazo hauteman ditzakete: izozteagatiko kalteak, egoera txarrean dagoen hodi baten ur ihesak, hezetasunak sortutako lizuna, energia eraginkortasun eza... Gainera, uraren erabilera optimizatzeko sistema eraginkorra ere izan daiteke, presioa neurtu eta kontsumoarekin lotutako datuak biltzen dituztelako.

Beste berrikuntza bat, ordenagailu bidezko kontrola da. Adimen Artifiziala baliatzen dute bideoak eta irudiak aztertzeko eta hodien ikuskapena kamera bidez egiteko. Horri esker, azkar identifika daitezke akatsak hoditerietan. Hori bai, hodi garbiak eta zikinak bereizteko baliagarria izan daitekeen arren, oraindik ere, gizakiaren esku hartzea beharrezkoa da arazoari irtenbidea eman ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun