Maddi Ane Txoperenak irabazi du Aierran jokatutako Xilabako bigarren faseko lehen saioa

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 9a

Maddi Ane Txoperena Aiherran kantari.

Martxan segitzen du Xilaba Bertso Txapelketak eta larunbatean egin zuten bigarren faseko lehen saioa Aiherran.  Maddi Ane Txoperenak lesakarrak irabazi zuen saioa eta hala final aitzinekoak jokatzeko zuzeneko txartela lortu du. 

Sei bertsolari aritu ziren kantuan Aiherrako oholtzan. Josu Txoperena lesakarra, Karlos Aizpurua saratarra, Maddalen Arzallus, Patxi Hiriart, Pettan Prebende eta Maddi Ane Txoperena. Gaiak ematen, berriz, Aritz Bidegain aritu zen. 

Lan puntuagarriak osatuta, lehen postua Maddi Ane Txoperenarentzat izan zen. Puntu bakarra atera zion bigarren lekuan sailkatu zen Maddalen Arzallusi. Horrela gelditu zen sailkapena: 

  1. Maddi Ane Txoperena Iribarren: 415
  2. Maddalen Arzallus Antia: 414
  3. Patxi Iriart Hiribarren: 408,5
  4. Karlos Aizprua Etxarte: 385,5
  5. Josu Txoperena Iribarren: 353,5
  6. Pettan Prebende Thikoipe: 297,5

Saioa irabazita, final aitzinekoetarako txartela lortua du Txoperenak. Gainerakoek bigarren faseko gainontzeko saioak jokatu arte itxaron beharko dute. 

Txapelketa hurrengo saioa larunbat honetan, abenduaren 13an, eginen dute Muskildiko Posonpesenea gelan 17:00etan. Bertan Bittor Txikoipe, Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua, Miren Artetxe, Mizel Mateo eta Oier Urreizti ariko dira. 

Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun