Aldaik 22-14 irabazi zion Arrizabalagari lehen finalerdian
Lehen finalerdian, aspaldiko partez, Amaia Aldai onenaz gozatzeko aukera izan zen. Hasiera oso berdindu baten ondotik, 4-5tik aurrera, dimoztarrak kantxan berriz ere gozatu uen, oldarkor, sakearekin min eginez, hankaz bizkor… eta lehia erabat xehatu zuen 9-0eko partzial batekin (13-5 aurreratu da). Bolada txar bat igaro ondotik, inoizko espezialistarik onena berriz ere bere mailarik onenetik gertu aritu zen eta aukerarik ez zion eman berea ematerik izan ez zuen Olatz Arrizabalagari.
Goiuru Zabaletak 14-22 galdu zuen Gaminderen kontra
Bi aurrelari bizkaitarren artekoa emakumeen esku pilotaren klasiko bat bezala definitu ahalko bagenu, Goiuri Zabaleta eta Enara Gaminderen artekoak bide bera daramatela esan genezake. Aurreko asteburuan bien artean jokatu zuten Nazioen Ligako urrezko domina eta, Bilbon bezala, Basaurin ere garaipena Enara Gaminderentzat izan zen, bolada ezin hobean dela berretsiz.
Zabaletari arantza ateratzeko inolako aukerarik eman gabe, partida hasieran eraman zuen Laukizkoak partida bere aldera, 7-0eko partzial batekin markagailua 9-2 bere aldera ekarrita. Zabaleta frontisetik ahalik eta urrutien mantentzen saiatu zen. 11-4koan finalerdi erosoa zirudien Gaminderentzat, baina Zabaleta ez zer erabat deseroso sentitzen piloteoan, partida luzatzeko beldurrik gabe, lanari ez zion beldurrik izan eta atzelari bizkaitarrari lanak luzatu ahala, fisikoki ere betetzen joan zen. Goiuri Zabaletak ez zuen barkatu, markagailuan gerturatzeko (17-11).
Hala ere, Gamindek ez zuen bururik galdu, hortzak estutu eta bere lehen finalerako txartela eskuratu ahal izan zuen, partida handia jokatuta.
Promesetan, Alize Sagardui goizuetarra sailkatu da finalerako, gazteetan Dunixe Alberro iturendarra ez
Maila nagusiko txapelketako finalerdiez gain, gazte eta promesa mailakoak ere jokatu zituzten igandean.
Gazteen mailako lehen finalerdian, lehia orekatu eta berdindua jokatu zuten Lur Egizabal bergararrak eta Dunixe Alberro iturendarrak. Hamahiruna berdinduta joan dira bi pilotari gazte hauek eta gipuzkoarrak jarraian egindako bost tantorekin lortu du beste final baterako txartela (18-13).
Beste kanporaketan, Irati Benito zornotzarrak zeresan handia eman dezakeela berretsi du eta bere Master Cup zirkuituko lehen finala jokatuko du Amaiur Landari 18-14 gailenduta.
Promesen mailan, Marta Gomez nagusi izan zen Udane Ozaetaren aurka eta 18-13 irabazita lortu du finalerako txartela. Bere aurkaria Alize Sagardui izango da, partida gogor batean, etorkizun handiko Arhane Reyri 18-13 gailenduta. Goizuetako aurrelariak bere hirugarren finala jokatuko du eta elite mailan jokatzeko atea joka ari den pilotaria dela erakutsi du.
Pilota festa handia izan zen igandean Basaurikoa eta hemendik bi astera Gernikakoa are handiagoa izango da.