Urteak pasa ahala fatxadak hondatu egiten dira, eragile atmosferikoen eta dardaren eraginez. Horregatik, komenigarria da aldizkako azterketak egin eta beharrezkoak diren mantentze lanak egitea.
Eraikin baten fatxada txukuntzeko garbiketa sakon bat egitea izan daiteke lehenbiziko pausoa: zerbitzu hauek eskaintzen dituzten enpresek produktu berezi batzuekin garbitzen dituzte paretak eta teilatuko hodietan eta zorrotenetan pilatutako zikinkeria kentzen dute. Eraikinaren egoera zein den ikusteko baliagarria izanen da pauso hau: pitzadurak, gaizki zigilatutako juntadurak, hezetasun arazoak... agerian geldituko direlako. Kasu batzuetan nahikoa izaten da akatsak eta zuloak mortero geruza batekin estali eta ondotik pintura berezi batekin pintatuta. Bertze kasu batzuetan, ordea, ez da aski izanen eta bertzelako teknikak erabiltzea ezinbertzekoa izanen da eraikinaren azala txukundu eta mamian ere eragina izan dezan.
Zenbait teknika berezi erabilita, eraikinaren kanpoko aldeko itxura hobetzearekin batera, isolamendu termikoa eta akustikoa lortzen dituzte. SATE isolamendua edo fatxada aireztatua da horretarako gehien erabiltzen den teknika. Eraikinari bigarren geruza bat jartzea da asmoa. Bertan ganbera aireztatu bat sortzen da eta ganbera horretan, aireztapena eta transpirazioa hobetzea lortzen duen tximinia efektua sortzen da. Horrela, eraikinean egon daitezkeen hezetasun eta kondentsazio arazoak konpontzen dira.
Eraikinaren estalki berezi hau osatzeko material ugari daude merkatuan: zeramikak, konpositea, zuntz edo zementuak, aluminioa... eta piezak jartzeko garaian erabiltzen den teknikak, estetikarekin jolas egiteko aukera ematen du.