Etxebizitza batean berebiziko garrantzia du argiztapenak. Gune funtzionalak, erosoak eta estetikoki erakargarriak lortzeko bitartekoa da. Ez gara lanparak edo fokuak jartzeaz bakarrik ari, argi eta itzalekin behar bezala jokatu eta gela bakoitzean giro jakin bat sortzea da asmoa.
Argiztapen proiektu bat osatzeko, lehenbiziko pausoa argi puntuak zehaztea izaten da; planifikazio egoki bat egin behar da eta horretan eragina dute, leihoek, argi naturalak eta eraikinaren orientazioak. Elektrizistek plano batean zehazten dute non jarri behar diren argi puntuak, zeintzuk diren beharreko zirkuituak eta aurre-instalazioak. Egin beharreko instalazioa osotasunean ikusi eta ulertzeko lagungarria izaten da pauso hau eta ongi planifikatzen bada, azken orduko ezusteko aunitz saihesten dira.
Gela bakoitzak du bere funtzioa eta eremu bakoitzean dauden argi beharrak eta lortu nahi den giroa kontuan hartu beharko da. Gela argitaztatzeko, sistema nagusi bat (plafoiak, fokuak...) egon ohi da beti eta horren osagarri diren hainbat elementu (lanparak, altzarien azpiko argia, led zerrendak, zeharkako argia...) nola konbinatu behar ditugun aztertu beharko dugu. Aukera estetikoa eta funtzionala izan daiteke: altzarien barruan LED zerrendadun argiztapena jartzeak, adibidez, ukitu originala eman eta armairu barruan topatu nahi dugun produktua bilatzea errazten du.
Argiaren kolore tenperatuarekin ere joka daiteke. Argi beroak tonu hori edo laranjak ditu eta ezin hobea da giro goxoa sortzeko egongelan, jangelan eta logeletan (3.000 K baino gutxiago izaten dituzte). Argi neutroa erdibidean dago eta zuri-horixka da, (3.100-4.500 K). Sukaldea, komuna, sotoa eta garajea argiztatzeko aproposa da.
Gela berean argi tonu eta intentsitate desberdinak erabil daitezke. Zeharkako argiak, adibidez, baliagarriak dira nabarmendu nahi dugun elementuren bati garrantzia emateko: altzariren bat, egitura, txoko berezi bat... Lanpara edo fokuek, aldiz, gelako espazioak banatzen laguntzen dute, bakoitzari funtzio bat emanez.
Argiaren intentsitatearekin eta kolorearekin nahi bertze jokatzeko aukera dago. Geroz eta etxebizitza gehiagotan jartzen dituzte luminarien kontrol eta erregulazio sistemak. Aukera ona izan daiteke unean uneko beharren arabera argiztapena egokitu eta espazio bakar batean giro desberdinak sortzea ahalbidetzen duelako. Erabiltzeko errazak izaten dira eta kontsumo baxua izaten duten sistemak izaten dira.
Argia eta itzala
Bada aditu guztiek azpimarratzen duten aholku bat. Argiztapen kontuetan orekan dago gakoa. Tentuz ibili beharra dago: itzalek erabat hondatu dezakete espazio baten barrualdeen diseinua, baina gauza bera gertatzen da gehiegizko argiztapenarekin. Garrantzitsua da luminaria bakoitzaren erabilera baloratzea eta argiztapen homogeneoari lehentasuna ematea, efektu arraroak sor ditzaketen itzalak saihestuz eta argiztapena behar den lekuan soilik erabiliz.