[GUTUNA] 2025eko Euskararen Eguna: aldaketa zantzurik ez

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 4a

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izan dela oroituz, idatzi hauxe partekatu nahi izan dute Euskaltzaleen foroko kideak diren Fermintxo Zabaltzak eta JJ Agirrek.

Bengoetxea kultura sailburua elkarrizketatu dute azaroaren 16ko Berrian. «Euskararen estatus emozionala» aldatu behar dela dio bertan, herritar gehiagok euskararen aldeko hautua egin dezan «dolmenak babestearen alde egiten duten bezala», adibidez. Berriz ere norbanakoaren gain jartzen da ardura: aldaketarik ez hizkuntza politikaren ortzi mugan.

Bitartean, EAEko jaurlaritzak (EAJ-PSOE) Euskararen Legea aldatu nahi du epaileen erabakietara egokitzeko, «hezkuntza eleaniztuna» ezarri du euskarari eskola orduak kenduz (EHBilduren eta Podemosen oniritziarekin), ETBn betoa jartzen dio nazioarteko filmak euskarara bikoiztuta emateari (ez Galiziako edo Balearretako PPk, ez Kataluniako PSCk ere ez dute halakorik egiten), ikusle euskaldunak erdal kateetara uxatzen ditu eta euskal bikoizketa industria hondoratu.

Eta Nafarroa Garaiaz zer esan. Gobernu «aurrerakoi» euskararen etsai amorratu bat dugu, nahi duen guztia egiten duena euskaldunon kontra: D eredua hedatzeko eskaerei trabak jartzen dizkie, eta D eredu berri guztiak PAI-D dira orain, euskarazko murgiltze eredua urardotuz (EAEn baino gutxiago hala ere). 1986ko Euskararen Legea aldatu du de facto, baina okerrerako: orain arte udalek nahi adina balora zezaketen euskara, baina Merezimenduen Dekretu berriari esker, gehienez puntuazio guztiaren % 2,1 baloratu dezakete aurrerantzean eremu mistoko udalek (% 10 bitarte baloratzen zuten Berriobeitik, Burlatak, Zizur Nagusiak... ba akabo!). Eta okerrena: Geroa Baik eta EH Bilduk otzan aplikatzen dute beren udaletan.

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako euskaldunen egoera kritikoa da, XXI. mendean ere inongo hizkuntz eskubiderik gabe, frantses gobernu etnozidaren menpe defentsarik gabe, eta EAEko erakunde publikoen nahikoa laguntzarik gabe.

Ikastolak, bestalde, ezinbestekoak izan ziren eta dira euskara putzutik ateratzeko, baina orain itsututa dabiltza zorioneko «hezkuntza eleaniztunarekin» eta «ikaslearengan zentratutako pedagogiarekin». Paperak denari eusten dio, baina metodologia horiek desastre hutsa izaten ari dira ikastetxeetan geure hizkuntzaz jabetzeko eta euskara erabiltzeko orduan, familia erdaldunetatik datozen haurrek ondo ikasi ez, eta familia euskaldunetatik datozenak erdarara lerratzen baitira.

Baina berri onak ere badira: Iñaki Iurrebasoren tesiak (Esnatu ala hil liburuan maisuki laburbilduta) begiak irekiarazi dizkigu, egoeraren larria argi azaldu du, eta badirudi bere lana ipartzat hartu duela mugimendu euskaltzaleak, oro har.

Ezinbestekoa izango da erakunde euskaltzale guztien konpromisoa, euskara eta euskaldunak ataka honetatik onik aterako bagara.

Nahi genuke lerrook lagungarriak izatea egin beharreko jauziak norabide egokian emateko, behar gorria dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun