Ionek eta Otanok jokatuko dute eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketaren lehen finalerdia ortziralean Agoitzen

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 3a

Otanoren eta Ionen arteko finalerdiko irabazlea izanen da lehen finalista.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko Sari Nagusiko lehen finalerdia jokatuko dute iaz finalista izan zen Ionek eta final laurdenetan Mitxeo menpean hartu zuen Otanok. Abenduaren 5ean, ortziralean 18:00etan hasiko da jaialdia Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan. Finalerdiko irabazleak, abenduaren 21ean pilotaleku berean jokatuko den finalerako lehen txartela eskuratuko du.

Irabazlea, abenduaren 13an Donezteben Utergak eta Otxandorenak jokatuko den bigarren finalerdiko garailearen kontra ariko da abenduaren 21eko finalean

Jaialdiko lehen partidan, Zeberio II.a eta lehen aldiz gibelean ariko den Adei Oses, Jon Sagaseta iruritarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.

Jaialdian biltzen den dirua EN Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartera bideratuko da. 22 urtez goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta 16 urtetik beheitikoak doan sartuko dira.

 

Abenduaren 13an Doneztebeko finalerdian, Uterga eta Otxandorena aurrez aurre

Abenduaren 13an Donezteben jokatuko dute bigarren finalerdia bi herritarrek, Utergak eta Otxandorenak. Finalerdietako irabazleek abenduaren 21ean jokatuko dute finala Agoitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun