Narbartearren arteko finala izanen da Bortz Kirol txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 1a

Leparoux, Iriarte, Albiasu eta Karrikaburu, IV. Bortz Kirol txapelketako finalerdietan. Bi narbartearrek, Iriartek eta Albiasuk lortu dute finalerako txartela.

Lehen fasean ez zuten partidarik galdu eta, pronostikoak betez, Errekak antolatutako IV. Bortz Kirol txapelketako finalerdiak ere irabazi dituzte Narbarteko Julen Iriartek eta David Albiasuk. Beraz, narbartearren arteko final handia izanen da abenduaren 13an, larunbatean 12:30ean, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.

Julen Iriartek eta David Albiasuk finalerdiak irabazi eta elkarrekin lehiatuko dira abenduaren 13an Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan

Lehen finalerdian, Julen Iriartek 60-43 irabazi zion Milafrangako Lionel Leparouxi. Bortz modalitatetatik hirutan nagusitu zen narbartearra (eskularruarekin 15-7, paletaz 15-3 eta eskuz 15-3) eta bertze bietan lapurtarra (13-15 xaren eta 2-15 joko garbin).

Bigarren finalerdia ere bide beretsutik joan zen eta David Albiasu 65-43 nagusitu zitzaion Azkaingo Xan Karrikabururi. Hemen ere hiru modalitatean garaile suertatu zen Narbarteko pilotaria (eskularruarekin 15-3, paletaz 15-3 eta eskuz 15-7) eta bertze bietan Azkaingoa (xaren 13-15 eta joko garbin 7-15).

Beraz, abenduaren 13an, 12:30ean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatuko den finalean Julen Iriarte eta David Albiasu izanen dira aurrez aurre.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun