Sexu jazarpena jasan duen emakumeari babesa adierazi diote Malerrekako Mankomunitateko Prebentzio Batzordeak eta Malerreka-Bertizaranako talde feministak

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 1a

Azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren kontrako egunean, Donezteben elkarretaratzea egin zuten. Argazkia ordukoa da.

Malerrekako Mankomunitateko Prebentzio Batzordeak eta Malerreka-Bertizaranako talde feministak oharra zabaldu dute. Jakinarazi dutenez, azken hilabetean emakume batek sexu jazarpena jasan du, eta berari eta bere ingurukoei «babes osoa eta hurbiltasuna» adierazi nahi izan diote. 

Emakumeen kontrako «indarkeria mota oro onartezina» dela oroitarazi, eta «irmoki gaitzetsi» dute. Egoerak emakumeari sortu dion «beldurra, ezinegona eta babes faltaren sentipenak» entenditzen dituztela ere erran nahi izan dute, baita «bere ondoan» daudela berretsi ere.

Horrekin batera, «emakumeen segurtasuna eta duintasuna erdigunean jartzea betebehar publikoa» dela nabarmendu dute, eta «erakundeok horretan» segituko dutela gaineratu dute, «neurriak eta baliabideak aktibatuz».

Gisa berean, gizarteari «indarkeria matxistaren kontra isilik ez gelditzeko eta emakumeen kontrako erasoen kontra erantzun bateratua emateko» deia egin diote. Argi utzi dute haien konpromisoa: «Emakumeek beldurrik gabe eta askatasunez bizitzeko eskubidea dute, eta komunitate osoaren ardura da horretarako baldintzak bermatzea. Eremu publiko eta pribatuetan errespetua, berdintasuna eta bizitza libre baita seguruak ere defendatzen segituko dugu».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun