Etxebizitza

Sabaiak: zuritik haratago, koloreekin jolasteko garaia

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 29a

Argazkia: freepik

Gela osotasun baten barnean ulertzea da helburua eta pintura erabilta, paretak eta sabaiak lotzea.

Urteetan gela bat margotzerakoan  paretetako kolorea aukeratu eta inork gutxik erreparatuko zion sabaiari. Idatzi gabeko araua zirudien zuri kolorekoak behar zutela izan. 2026an joera hori hankaz gora jartzeko proposamena egin dute adituek: pareta eta sabaiaren arteko muga deuseztatu eta pareten kolorea sabairantz zabalduz.

Aldaketa sotila

Kontua ez da tonu indartsuagoekin ausartzea, ezta aurrez aurre dauden bi koloreen kontrasteak berreskuratzea ere. Aldaketa sotilagoa proposatzen dute: gama kromatiko bera erabiliz, tonu berarekin gorantz jarraitzea edo tonu biziagoetarantz doan trantsizio bat egitea. Helburua gela osotasun baten barrenean ulertzea da  eta pintura erabilita, paretak eta sabaiak lotzea. 

Horrek espazioaren pertzepzioa aldatzen du. Lortzen den efektua psikologikoa omen  da. Paretak eta sabaiaren arteko kontrasterik ez dagoenez, dimentsioak aldatu eta paretek altuagoak dirudite. 

Teknika hau erabiltzerakoan naturaren elementuak gogorarazten dituzten koloreek arrakasta handia dute egongela eta logeletan: berde grisaxkak, urdinak, beix eta gris argiak... Ausartenek, gorri-morexkak edo berde ilunak ere erabil ditzakete, baina tentuz hautatu beharko dira  ilunegiak izan ez daitezen. Tonu oso indartsuek ere funtzionatzen dute, baina soilik gelak argi natural nahikoa baldin badu. 

Kasu guztietan, bada bete beharreko arau bat: paretak margotzeko kolore isolatu batean pentsatu beharrean, sabaira igotzen denean zer nolako efektua sortuko duen pentsatu beharko da eta horren arabera tonu bat edo bertzea aukeratu. 

Teknika honekin emaitza ikusgarriak lortzen diren arren, badira kontuan hartu beharreko zenbait gomendio. Sabai baxuak edo argi natural gutxi duten gela txikietan, efektuaren bertsio arinago bat aukeratzea komeni da: altuera jakin bateraino bakarrik margotu edo trantsizio leunago bat aukeratuz. 

Diseinatzaileek pareta eta sabaien artean egin duten lotura hori, dekorazioko elementuetan ere zabaltzea proposatzen dute. Ehunetan, kuxinetan, oheburuan, lanpara baten oinarrian... Horrela pinturaren bueltan osatuko da gelaren diseinua. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun