Etxebizitza

Leihoak: elementu bakarra aldatuta, hobekuntza nabarmena

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 29a

Argazkia: Freepik.

Energiaren %10-20 inguruk leihoetatik ihes egin dezakeela kontuan izanda, etxebizitza bateko leihoak aldatzea erraz amortizatzen den inbertsioa da.

Egoera kaxkarrean dauden leiho zaharrak eraginkorrak diren bertze

batzuengatik ordezkatzea ariketa erraza eta azkarra da. Energiaren %10-20 inguruk leihoetatik ihes egin dezakeela kontuan izanda, etorkizunerako inbertsioa izanen da.

Egunetik egunera, geroz eta hermetikoagoak dira jartzen diren leihoak. Leihoaren egituraren %20 perfila da eta %80 beira, baina lehenengoa bigarrena bezain garrantzitsua da, egoera txarrean dagoen perfilak ez duelako airearen sarbidea oztopatuko. Emaitzarik onenak lortzeko beiraren kalitatea (mota, lodiera, aire-kamararen lodiera...), markoaren materialaren kalitatea (egurra, altzairua, aire iragazkortasuna, mantentze lanen beharra...) eta leihoa itxi eta irekitzeko sistemak kontuan hartu behar dira. Horretaz gain, leihoaren instalazioa ongi eginda egotea funtsezkoa da infiltrazioak ekiditeko.

Garai batean, egurrezko leihoak ziren ohikoenak eta gaur egun ere, arrunt erabiliak dira.  Isolatzaile onak izateaz gain, estekikoki ederrak dira, baina kontuan izan behar da urte gutxiren buruan mantentze lana eskatzen dutela. 

Aluminiozko leihoak dira bertze aukera. Tenperatura aldaketekiko iraunkorrak dira eta hainbat koloretan pinta daitezke. Gainerako materialek baino azalera ttikiagoa izan ohi dutenez, kanpoko argia gehiago aprobetxatzea ahalbidetzen dute.

PVC leihoak isolatzaile termiko eta akustiko bikaina direnez, toki hotzetan erabiltzen dira. PVCa material birziklagarria eta garbitzeko erraza da eta ura eta xaboia baino da behar.

Leiho mistoak arrazoi estetiko eta funtzionalak tarteko, gero eta gehiago erabiltzen dira. Teilatuetako leihoetan erraterako, barnetik egurrezkoak eta kanpotik aluminiozkoak diren leiho mistoak dira nagusi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun