Etxebizitza

Sukaldea ongi planifikatzeak duen garrantzia

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 30a

Argazkia: Freepik.

Sukalde bat diseinatzerako orduan estetikak eta erosotasunak eskutik joan behar dute. Hori horrela izan dadin, lau galdera izan beharko genituzke beti buruan: zer, non, nola eta zertarako jarri?

Sukaldea epe luzerako inbertsioa da eta horregatik, hartzen diren erabakiak ongi neurtu behar izaten dira. Bada, ordea, sukaldea antolatzeko orduan lagungarria izaten den formula bat:  harraskaren, suaren eta hozkailuaren artean hiruki bat osatzea. 

Diseinuaren abiapuntua harraska izanen da eta sua eta hozkailua horren  bueltan antolatuko dira. Lanerako antolaketa eraginkorra izatea da asmoa, leku batetik bertzera joateko distantzia murrizten baita. 

Sukaldeak lanerako toki erosoa izan behar du eta horregatik, gainazalei garrantzia eman behar zaie.  Janaria prestatzeko erabiliko den txokoa harraskaren eta plakaren artean jartzea komeni da eta edukiontziak eta ontzi garbigailua gertu.

Sukaldea antolatzerakoan, ideia ona da gauzak gehien erabiltzen diren lekutik ahalik eta gertuen kokatzea da. Hau da, plakaren inguruan eltzeak, zartaginak eta sukalderako tresnak gordetzeko tiraderak edo armairuak jartzea, horietara iristea beti erraza izan dadin.

Espazioak berak mugatuko du hainbatetan sukaldearen egitura. L itxurako sukaldea ezin hobea da gela txikientzako, espazioa optimizatzen dutelako. U itxurakoa aproposa da lauki formako sukaldeetan. Irlak eta penintsulak ere arrakasta handia izan dute azken urtetan eta gainazalei garrantzia eman eta zenbaitetan sukaldeko mahai tradizionalen alternatiba bihurtu dira. Gela zabal eta luzeak dituztenendako ilara bikoitzeko sukaldeak dira egokienak, baina mugikortasun ona izateko, gomendagarria da 1,20 metroko espazioa uztea ilaren artean.

Sukalde bat aukeratzera joatean adituen proposamenak aditzea ere garrantzitsua da. Sukalde pertsonalizatuak diseinatuko dituzte eta nork daki, agian, ezusteko politak hartu daitezke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun