Etxebizitza

Zura eta harria: ezinbertzeko materialak

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 30a

Eraikuntzan gehien erabiltzen den materialetako bat da zura. (argazkiak: freepik)

Zurik eta harririk gabeko etxebizitza, izarrik gabeko gauaren parekoa dela.erran liteke. Eskualdeko etxebizitzen bereizgarriak dira eta egituran, fatxadetan zein barnealdeko diseinuetan erabiltzen dira.

Zura

Eraikuntzan gehien erabiltzen den materialetako bat da zura eta ez du alferrik irabazia izen ona. Etxebizitza eraikitzeko prozesuaren parte izatetik hasi eta egongelako mahaian erabiltzeraino, bere erabilerak askotarikoak dira.

Batzuetan behin behineko erabilera izanen du, adibidez, etxebizitza altxatzeko orduan hormigoizko enkofratua  egiteko erabiltzen da. Bertze batzuetan berriz, etxebizitzaren egituraren parte izanen da: estalkiak, portikoak, habeak, paretak... egiteko erabil daiteke, baita eraikina isolatzeko ere. 

Etxebizitzaren barnealdea janzteko orduan ere berebiziko garrantzia du.  Dotorezia eta goxotasunaren sinonimoa da zura eta horregatik, altzarietan, zoruetan... erabiltzeaz gain, dekorazioan ere geroz eta gehiago erabiltzen da. Espazioen banaketak egiteko zureko xaflak erabiltzea da aukera horietako bat:  estetikoki apustu berritzailea  izateaz gain, funtzionala ere bada, xafla horiek mugitzeko aukera eskaini eta beharren arabera egokitzeko aukera ematen dute batzuetan: espazio itxi edo zabalagoak sortuz.

 

Harria

Harria da eskualdeko etxebizitzetan ezinbertzekoa dirudien bertze materiala. Eraikuntzan gehien erabiltzen diren harri motak: marmola, granitoa, arbela, kareharria, hareharria edo kuartzita dira. Harria erabili aitzinetik landu egin behar izan da: harrobietatik erauzi, moztu, landu eta leundu. Hori dela eta, ez da aukerarik merkeena izaten, baina kontuan izan behar da mantentze lanik ez duenez, gerora, kostua nabarmen murrizten dela. Harri bakoitza bakarra da eta horrek egiten du berezi, edozein diseinuri ukitu pertsonala emanen dio. Gainera, berrikuntza teknologikoek hargintza mekanizatu eta harri naturala instalatzeko teknikak erraztu dituzte: geroz eta bideragarriagoa da material sendo eta trinko horrekin lan egitea. Inertzia termiko handia du eta suaren aurkako erresistentzia. Horregatik, fatxadetan, elementu arkitektonikoetan, paretetan edo lurpeko egituretan eta zubietan arrunt bideragarria izan daiteke bere erabilera. Eta paretak estaltzeko erabiltzen badugu, kanpoko soinutik isolatzeko duen gaitasun harrigarriaz baliatu ahal izanen gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun