Herri aunitzetan, koltxoiak, garbigailuak, altzariak, mikrouhinak edo aulkiak egunero agertzen dira edukiontzien ondoan edo egokiak ez diren bertze txoko batzuetan. Paisaiaren parte bihurtu den irudi honek higiene, segurtasun eta ingurumen arazoak sortzen ditu.
Kanpainak egoera horretan jartzen du fokua, eta hizkera zuzenera jotzen du, bolumen handikoak uzteak «gaizkile bihurtzen zaituela» azpimarratzeko. Horren bidez, norberaren erantzukizuna indartu nahi da, eta jokabide horrek gizalegerik gabe, ingurumenean eta zigorretan izan ditzakeen ondorioez ohartarazi.
Alternatibak
Salatzeaz gain, tamaina handiko hondakinak behar bezala kudeatzeko dauden aukerak azpimarratzen ditu kanpainak: mankomunitate bakoitzeko Garbiguneak, baimendutako kudeatzaileen bidez etxez etxeko bilketa zerbitzuak, egutegi bereziak dituzten bilketa programatuak edo hondakin mota horretarako egokitutako puntuak.
Aukera horiei esker, ingurumen tratamendu egokia egin daiteke, eta ekonomia zirkularrari laguntzen zaio, material aunitz berrerabili edo birziklatu egin baitaitezke modu egokian banatuz gero.
2024an bakarrik, Nafarroako mankomunitateek tamaina handiko 13.000 tona hondakin bildu zituzten. Horietatik % 10a inguru (1.300 tona inguru) modu desegokian utzi ziren bide publikoan, eta ez dira deusetarako berrerabiltzen; dena zabortegira doa.