Zenbat kobratu zuten alkateek joan den urtean?

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 30a

Espainiako Ogasun Ministerioak berriki argitaratu ditu joan den urtean alkateek kobratu zituzten diru kopuruak. Horren arabera, udalerri handienetako alkateak dira ordainsari altuenak dituztenak, baita eskualdean ere. Ikusi albiste barrenean udalerriz udalerriko datuak. 

Alkate batzuek dedikazio esklusiboa dute, alegia, lanaldi osoa alkatetzari eskaintzen diote. Hori da, adibidez, TTIPI-TTAPAren eremuan dauden Hego Euskal Herriko 25 udalerriak kontuan hartuz, lau herritan gertatzen dena. Baztan, Bera, Leitza eta Lesakako alkateek dedikazio esklusiboa dute. Eta Ogasun Ministerioaren datuen arabera, horiek izan ziren joan den urtean ordainsari handiena hartu zutenak: Berakoak 46.195,94 euro hartu zituen; Lesakakoak 36.148 euro, Baztangoak 35.700 euro eta Leitzakoak 33.965,40 euro. Joan den urteko datuei erreparatuz, diru kopuru baxuena hartu zutenak Urrozko eta Aresoko alkateak izan zen. Lehenbizikoak 2.948,05 euro hartu zituen eta bigarrenak 3.502,31 euro. 

Gainerakoan, eskualdeko hamar udalerritako alkateek dedikazio partziala dute, hau da, ordutegi murriztua alkatetzan: Arano, Arantza, Donamaria, Doneztebe, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Sunbilla, Urdazubi eta Zugarramurdiko alkateen kasua da. Eta bertze hamaika udalerritan, berriz, alkateak 'dedikaziorik gabe' daudela ageri da. Horrek ez du erran nahi jarduerarik ez dutenik, kontua da ordainsari finkorik ez dutela eta bileretara joateagatik kobratzen dutela. 

Bertzalde, kontuan izan behar da datu hauek alkateei dagozkiela, eta beraz, ez dira kontuan hartzen zinegotzien ordainsariak. Udalerri batzuetan, zinegotzi batzuek ere dedikazio esklusiboa dute udaleko martxan. 

Hego Euskal Herriko datuak

Hego Euskal Herri osoko datuei erreparatuz, hiriburuetako alkateak izan ziren joan den gehien kobratu zutenak. Zerrendan  lehenbizikoa da Bilboko alkatea (105.557,28 euro hartu zituen), bigarrena Donostiako alkatea (96.965,68 euro) eta hirugarrena Gasteizkoa (96.016,48 euro). Zerrenda horretan, bertze hiri batzuen ondotik, hogeigarrena da Iruñeko alkatea (74.118,24 euro). Kontrara, 26 udalerritako alkateek ez zuten deus kobratu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun