Sagasetak jokatuko du Otxandorenaren kontra eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketako final laurdenetan

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 28a

Jon Sagaseta iruritarrak min hartutako Matxin III.a ordezkatuko du final laurdenetako lehen partidan. Eloy Otxandorena doneztebarra izanen du arerio.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko Sari Nagusiko final laurdenetako jardunaldia jokatuko dute azaroaren 29an, larunbatean 18:00etan hasita, Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan. Lehen partidan Eloy Otxandorena doneztebarra eta Matxin III.a aritzekoak ziren, baina azpeitiarrak min hartu du eta larunbatean Iruritan jokatutako triangularretan bigarren sailkatu onena izan zen Jon Sagaseta iruritarrak ordezkatuko du. Bigarren partidan, David Mitxeo doneztebarra Otanoren kontra ariko da.

Iruritakoak min hartutako Matxin III.a ordezkatuko du Agoitzen larunbatean 18:00etan hasiko den lehen partidan eta bigarrenean, Mitxeo eta Otano ariko dira finalerdietarako txartelaren bila

Jaialdian biltzen den dirua EN Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartera bideratuko da. 22 urtez goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta 16 urtetik beheitikoak doan sartuko dira.

Final laurdenetako irabazleen esperoan daude, zuzenean finalerdietarako sailkatuak, Xanti Uterga doneztebarra eta Ion, joan den urteko finalistak. Abenduaren 5ean jokatuko dute lehen finalerdia Ionek eta Mitxeoren eta Otanoren arteko partidako irabazleak. Abenduaren 13an Donezteben jokatuko dute bigarren finalerdia Utergak eta Otxandorenaren eta Sagasetaren arteko partidako irabazleak. Finala abenduaren 21ean jokatuko dute Agoitzeko pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun