«Malerrekako eta Bertizaranako Berdintasun Plana 2026an onartu nahi genuke»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 29a

Maite ELIZONDO SAN MARTIN, Malerrekako eta Bertizaranako berdintasun teknikaria.

Lehenbiziko aldiz, berdintasun teknikaria kontratatu dute Malerrekan eta Bertizaranan. Irailaren 8az geroztik Maite Elizondo San Martin da lan horretan ari dena.

Berdintasunaren aldeko bidean, pauso bat eman du berriki Malerrekako Mankomunitateak. Lehenbiziko aldiz, berdintasun teknikaria kontratatu du, eta Maite Elizondo San Martin izendatu du ardura horretarako. Hasi berria da, hiru hilabete ere ez ditu lanean, irailaren 8an hasi baitzen mankomunitateak Donezteben duen egoitzan. Onartu duenez, «hasiera bizia», baina aldi berean «aberasgarria» izan da. Lanez gainezka dabilela aitortu du, baina hartu du TTIPI-TTAPArekin mintzatzeko tartea, eta bertzeak bertze, erronkak zein diren kontatu du.   

Zer moduzko hasiera izan da? 

Hasiera guziak bezala, bizia baina aberasgarria izan da. Lehenbiziko pausoak udal bakoitzaren egoera ezagutzea, lehentasunak identifikatzea eta herrietako ordezkariekin eta eragileekin lehenbiziko kontaktuak egitea izan dira. Gisa berean, berdintasun plangintza egiteko eta sentsibilizazio kanpainak diseinatzeko oinarriak finkatzen ari gara.

Malerrekan eta Bertizaranan ez da inoiz berdintasun teknikaririk izan. Lehenbizikoa zara. Hutsetik hasi behar izan duzu? 

Berdintasun teknikari bat dagoen lehenbiziko aldia da, eta noski, hasiera batean, erronka handia da. Hala ere, Malerrekako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuek urte hauetan lan garrantzitsua egin dute berdintasunaren arloan, batez ere indarkeria matxistaren prebentzioari eta arretari lotuta. Haien esperientziak eta ezagutzak oinarri sendoa eman didate. Horretaz gain, herri ttikietako hurbiltasunak eta jendearen prestutasunak aunitz errazten du lana. Bada gai hau lantzeko interesa eta gogoa, eta hori arrunt baliotsua da. 

«Eskualde ttikia izan arren, herri bakoitzak bere erritmoa eta bere errealitatea du»

Hamahiru udalerri dira. Berdintasunari lotuta, egoera aldatzen da herri batetik bertzera?

Udalerri guzietan egoera ez da berdina, baina oro har, sentsibilizazio maila handitzen ari dela ikusten ahal da. Udal batzuetan, dagoeneko, martxan paratuak dituzte berdintasunaren inguruko ekimen puntualak, eta bertze batzuetan oraindik lehenbiziko pausoak ematen ari dira. Egia da, eskualde ttikia izan arren, herri bakoitzak bere erritmoa eta bere errealitatea duela.

Zein dira hutsuneak? Eta indarguneak? 

Hutsune nagusietako bat baliabide gutti izatea da, eta berdintasunaren inguruko lanak egitura administratiboetan oraindik errotuak ez izatea. Hala ere, indargune garrantzitsua komunitatearen neurria eta hurbiltasuna da: jendeak elkar ezagutzen du eta horrek konfiantza eta parte hartzea errazten ahal ditu. Mugimendu feministak eta herri mailako ekimenek ere badute indarra.

Eta erronkak? 

Berdintasunaren ikuspegia udal politika guzietan txertatzea izanen da gure erronka nagusietako bat, baita tokiko emakumeen ahotsa entzunaraztea eta gizonen inplikazioa sustatzea ere. Bertzetik, gazteak berdintasunean oinarritutako balioekin heztea eta indarkeria matxistaren prebentzioan sakontzea ezinbertzekoak dira.

«Ez gara hutsetik abiatu: badugu oinarri sendo bat, herritarren iritzi eta ekarpenekin egina. Orain, helburua diagnostiko horretan bildutako emaitzetatik abiatuta, Berdintasun Plana diseinatzea da, udalerrietako errealitatea eta lehentasunak kontuan hartuta»

Berdintasun Plana duzue bertze erronketako bat. Noizko aurreikusi duzue? 

2024an Malerrekan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostiko parte hartzailea egin zuten, eta horren ondorioz, hainbertze konpromiso hartu zituzten. Horietako bat berdintasun teknikaria kontratatzea izan zen, orain egin dutena. Beraz, ez gara hutsetik abiatu: badugu oinarri sendo bat, herritarren iritzi eta ekarpenekin egina. Orain, helburua diagnostiko horretan bildutako emaitzetatik abiatuta, Berdintasun Plana diseinatzea da, udalerrietako errealitatea eta lehentasunak kontuan hartuta. Prozesua ez da erraza izanen, baina aberasgarria izanen da, eta 2026an plana onartu nahi genuke. Garrantzitsuena prozesua parte hartzailea, errealitateari egokitua eta udal guzien inplikazioarekin egitea da.

Mugimendu feminista osasuntsu ikusten duzu Malerrekan eta Bertizaranan?

Mugimendu feministarekin lehenbiziko kontaktua izan dut. Gainerakoan, gure lurraldeetan mugimendu konprometitua dagoela uste dut. Belaunaldi berriak ere bere ahotsa altxatzen ari dira, eta horrek itxaropena ematen du.

«Gizarte bidezkoagoa eta seguruagoa eraikitzeko, denon parte hartzea beharrezkoa da»

Zer mezu emanen zenieke herritarrei?

Berdintasunaren aldeko konpromisoa guzion ardura dela. Gizarte bidezkoagoa eta seguruagoa eraikitzeko, denon parte hartzea beharrezkoa da. Eguneroko keinu ttikiek ere aldaketa handiak ekartzen ahal dituzte.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Eskerrak eman nahi dizkiet Malerrekako Mankomunitateari eta udal guziei konfiantzagatik. Horrekin batera, herritarrei ere gonbita egin nahi nieke berdintasunaren aldeko bide honetan parte hartzeko: denon artean eraikiko dugu justizia sozialaren eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako Malerreka eta Bertizarana.

 

Nor da Maite Elizondo San Martin?

Latasan (Odieta) sortua da Maite Elizondo San Martin, baina baditu urte batzuk eskualdean bizitzen. Elizondo du bizileku eta Malerrekako eta Bertizaranako berdintasun teknikaria da. 

EHUn, Donostian, zuzenbide ikasketak egin zituen, eta ondotik, generoaren eta berdintasunaren gaian sakonduz, Castellóko UJI unibertsitatean Berdintasuna eta Generoa Eremu Publikoan eta Pribatuan masterra egin zuen. Lan ibilbideari dagokionez, berdintasunaren arloan aritu izan da. Konparazio batera, Ultzamaldean, Leitzaldean eta Sakanako Mankomunitatean berdintasun teknikari izan da. 

Bere hitzetan, «emakumeen eskubideen eta justizia sozialaren aldeko konpromiso pertsonalak eta profesionalak» ireki diote berdintasun teknikari izateko bidea, eta argi mintzatu da: «Berdintasuna ez da printzipio bat bakarrik, eskubide bat da. Eguneroko lanaren ardatza izan behar du emakume guziek, edozein testuingurutan, aukera eta ahalduntze berberak izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun