Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa igandean abiatuko da Antsoainen

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 27a

Beti Gazteko laukotea tiran joan den urteko Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa mistoan. Hirugarren izan ziren. Igande honetan jokatuko da aurtengoa Antsoainen. Argazkia: Potronko

Joan den igandean 21 urtez beheitiko txapelketa jokatu baldin bazen ere (eskualdeko ordezkaririk gabe), Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa azaroaren 30ean abiatuko da Antsoainen, igandean 11:30ean hasita jokatuko den txapelketa mistoarekin. 280 kiloz beheitiko kategorian lehiatuko dira bederatzi talde eta Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Lesakarrekin batera, Abadiñok, Txantreak eta Ñapurrakek bina laukote plazaratuko dituzte eta Ibarrak eta Antsoainek bana.

Txapelketa mistoa jokatuko dute hasteko eta abenduan, emakumeen eta gizonezkoen txapelketak izanen dituzte Antsoainen eta Muruetan

Abenduaren 14an jokatuko dute emakumeen txapelketa, hau ere Antsoainen. 250 kiloz beheitiko kategorian ariko dira bederatzi laukote, tartean Amaiur eta Beti Gazte. Beraiekin batera, Antsoainek eta Abadiñok bina talde aterako dituzte eta Araxesek, Txantreak eta Ñapurrakek bana.
Abenduaren 21ean, azkenik, gizonezkoen txapelketa jokatuko dute Muruetan (Bizkaian). 310 kiloz beheitiko kategorian hamar talde ariko dira. Beti Gazterekin batera, Zuraidek hiru talde aterako ditu, Ñapurrakek bi eta Ibarrak, Txantreak, Antsoainek eta Foruak bana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun