Oizek eta Erratzuk jokatuko dute Nafarroako XXVI. Paxaka txapelketako finala igandean

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 25a

XXVI. Paxaka txapelketako finalerdiak jokatu zituzten joan den igandean Iruritako Aranabian eta finalak ere leku berean jokatuko dituzte azaroaren 30ean.

Lau talde bertzerik ez ditu Laxoa Elkarteak antolatutako Nafarroako XXVI. Paxaka Txapelketak eta, hortaz, formatu azkarrean jokatzen ari dira Iruritako Aranabia pilotalekuan. Igande honetan finalerdiak jokatu dituzte eta ligaxkako bi onenek, Oizek eta Erratzuk, lortu dute finalerako txartela.

Finalerdietako lehietan Donezteberi (9-7) eta Iruritari (9-3) irabazi zioten, hurrenez hurren

Lehen finalerdian, ligaxkako lehenak, Oizek (Ioritz Zelaieta, Iker Bereau eta Jon Oiarzabal) 9-7 irabazi zion ligaxkan laugarren izan zen Donezteberi (Jon Apeztegia, Ugutz Zelaieta eta Mikel Telletxea).

Oizek (gorriz), gogotik lana egin behar izan zuen Doneztebe (urdinez) menperatzeko finalerdian.

Bigarren finalerdian, baztandarren arteko lehian, ez zen halako estutasunik izan markagailuan eta Erratzuk (Manu Irigoien, Gorka Urtasun eta Kaiet Itoiz) 9-3 irabazi zion Iruritari (Xabier Barberena, Mikel Sagaseta eta Mikel Mindegia).

Baztandarren arteko finalerdian, Erratzuk (gorriz) erraz irabazi zion Iruritari (urdinez).

Finalerdietako irabazleek, Oizek eta Erratzuk, azaroaren 30ean, igande honetan jokatuko dute finala.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun