IV. Bortz Kirol txapelketako finalerdiak erabaki dira asteburuan Azkainen eta Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 24a

Milafrangako Leparoux eta Narbarteko Albiasu, larunbatean Azkaingo Sebastien Gonzalez ezker paretean. Narbartearrak irabazi zuen, baina Milafrangakoak ere lortu zuen finalerdietarako txartela. Iriarteren kontra ariko da.

Doneztebeko Erreka elkarteak laugarren urtez antolatutako Bortz kirol txapelketako finalerdietako gurutzaketak erabaki dira asteburu honetan Azkainen eta Donezteben jokatutako jardunaldiaren ondotik: David Albiasu narbartearra, Azkaingo Xan Karrikabururen kontra ariko da, alde batetik, eta, Narbarteko Julen Iriarte, Milafrangako Lionel Leparouxen kontra, bertzetik. Narbarteko bi pilotariek orain arteko partida guztiak irabazi dituzte eta beraien multzoetako buru izan dira. Finalerdietarako faborito dira eta narbartearren arteko finala izan daiteke.

Narbarteko David Albiasu eta Julen Iriarte gelditu dira multzo buru eta, Azkaingo Xan Karrikabururen eta Milafrangako Lionel Leparouxen kontra ariko dira, hurrenez hurren

Bortz Kirol txapelketako lau edizioetako orain arteko partida guztiak Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatu dituzte, baina larunbat honetan, hirugarren jardunaldiko bi partida Azkainen jokatu dituzte larunbatean.

David Albiasu narbartearra erraz irabazi zion Milafrangako Lionel Leparouxi (52-27). Lau modalitatetan nagusi izan zen Albiasu (xaren 12-9, esku larruarekin 12-4, paletaz 12-1 eta eskuz 12-1) eta joko garbin bakarrik irabazi zuen Leparouxek (4-12). Segidan, azkaindarren arteko lehian, Xan Karrikaburuk 60-20 irabazi zion Txema Gogorzari, bortz modalitatetan irabaziz (xaren 12-2, joko garbin 12-1, eskularruz 12-7, paletaz 12-1 eta eskuz 12-9).

Andoni Zabala oiartzuarrak eta Julen Iriarte narbartearrak lehia parekatua eskaini zuten igandean Donezteben. Narbartearra gailendu zen eta multzo buru gelditu da lehen fasean.

 

Jardunaldiko bertze partida igandean jokatu zuten Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan Narbarteko Julen Iriartek eta Oiartzungo Andoni Zabalak. Xaren eta joko garbin erraz gailendu zen gipuzkoarra (12-6 eta 12-2), baina bertze hiru modalitatetan, eskularruz, paletaz eta eskuz Narbartekoa nagusitu zen (12-8, 12-2 eta 12-5). Azkenean, beraz, 44-39 irabazi zuen Iriartek, multzoko lehen postua eskuratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun