Dena prest da bertsolariak kantuan hasi eta 2025eko txapelketako txapelduna nor izanen den jakiteko. Anaitasunatik Nafarroa Arenara jauzi eginda, larunbatekoa inoizko finalik jendetsuena izatea aurreikusi du Bertsozale elkarteak.
Zortzi bertsolari ariko dira kantuan: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Horietatik lau dira eskualdekoak. Leitzarrak hiru: Eki Mateorena Zozaia, Joanes Illarregi Marzol eta Xabat Illarregi Marzol; eta beratar bat: Ekhiñe Zapiain Arlegi. Zortzi bertsolaritik bik gainera, lehenengoz kantatuko dute finalean: Matorenak eta Zapiainek.
Saioa aurkezten Ainhoa Larretxea Agirre beratarra eta Ander Aranburu Arriola ariko dira, eta epaile lanetan Amaia Telletxea aranztarra, Cesar Etxeberria, Jon Diaz de Mendibil, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena. Idazkariak Ainhoa Goñi eta Nerea Goñi izanen dira.
Bide emankorra
Txapelketak orain arte egindako bidea «emankorra» izan dela nabarmendu zuen ortziralean Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale elkarteko lehendakariak. «Bide emankorra izan da, eta berretsita gelditu da Nafarroako bertsolaritza une gozoan dagoela: bai bertsogintza aldetik, baita zaletu aldetik ere». Hain zuzen, goraldi horrek bultzatuta erabaki dute finala Nafarroa Arenara lekualdatzea, eta urrats «kuantitatibo eta kualitatibo» gisa definitu dute.
Txapel emailea
Finalistak bakarrik ez, txapel emaileak ere izaten du protagonismoa finalean. Elkarteak «eskertza» eta «aitortza» egiten baitu txapela janzteko aukera emanez eta aurten, kolektibo baten aldeko hautua egin dute Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartea. «Euskaldunentzat arnasgune izateagatik, euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin duten harreman estuagatik eta bertsolaritza sustatzeko egindako ekinbide guztiengatik eskerrak eman nahi dizkiogu Zaldiko Maldiko elkarteari», adierazi zuen ortziraleko prentsaurrekoan Bruñok.
1981ean sortu zen elkartea, eta urte betera, lehen bertso eskola antolatu zuten Lontxo Aburuzarekin. Ordutik eta gaur egunera arte, bertsolaritzak presentzia izan du elkartean: bertso eskolak, Bardoetako saioak, eskolartekoak, Señora Sariketa eta beste hainbat bertso ekimenen aterpe baita.
Hainbat ohar praktiko
Finaleko entzuleentzat hainbat ohar praktiko ere eman zituzten ortziralean. Nafarroa Arenako ateak 16:00etan irekiko dituzte eta antolatzaileek bertsozaleei denboraz joateko eskatu diete, pilaketak ekidin eta orduan hasteko. Gainera, garraio publikoan joateko gomendioa ere egina dute: trenez edo autobusez Iruñera joanda, eta Iruñean bertan 1, 6, 9, 11, eta 16 autobus lineak erabilita.
Bertsozale elkarteak oroitarazi du «ez dela inolako erasorik onartuko» eta eta finalean Puntu Morea egonen dela. Erasoren bat ikusiz edo biziz gero, bertara joan edo lantaldefeminista@bertsozale.eus helbidera idatzi daitekeela jakinarazi dute.
