Nafarroako sokatira txapelketako txapel guziak irabazi ditu Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 24a

Nafarroako gizonezkoen nahiz emakumezkoen sokatira txapelketako bigarren eta hondarreko jardunaldia azaroaren 22an, larunbat arratsaldean jokatu zen Lesakako udal pilotalekuan. Gizonezkoak zortzinaka (620 kilo) eta emakumeak seinaka (390 kilo) aritu ziren lehian eta aitzineko asteburuan Antsoainen jokatutako lehenbiziko jardunaldian bezala, tiraldi guztiak irabazi zituzten Beti Gazteko emakumeek nahiz gizonek. Beraz, Nafarroako hiru txapelak, mistoa, gizonezkoena eta emakumezkoena, irabazi du Lesakako taldeak.

Larunbatean Lesakan jokatu ziren gizonezkoen eta emakumezkoen bigarren jardunaldia eta finalak eta tiraldi guziak irabazi zituzten lesakarrek

Emakumezkoetan, Beti Gazteren ondotik, bigarren izan zen Txantrea, hirugarren Berriozar, laugarren Araxes, bosgarren Amaiur eta seigarren Antsoain.

Beti Gazteko seikotean Amaia Leiza, Onintza Zapirain, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai, Naiara Otxoteko eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Karmele Pikabea entrenatzaile zutela. Antsoaingo saioan Elena Zabala doneztebarra ere aritu zen.

Gizonezkoetan, Beti Gazte izan zen lehena, Berriozar bigarren eta Txantrea hirugarren.

Beti Gazteko zortzikoan, Ander Mitxelena, Xuban Arozena, Beñat Ordoki, Unai Leiza, Iker Pikabea, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga eta Ruben Pedrosa aritu ziren tiran, Oskar Telletxea entrenatzaile zutela.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun