Etxebizitza

Arkitektoak: ideiei forma ematen dieten adituak

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 23a

Arkitektoek obraren ikuspegi orokorra izaten dute. (Argazkia: Freepik)

Arkitektoek obraren ikuspegi orokorra izaten dute eta gai izaten dira eraikuntza prozesuan sor daitezkeen arazo teknikoak hautemateko eta konpontzeko 

Eraikuntza proiektu guztietan presente dauden arren, gutxik dakite zeintzuk diren arkitekto baten zereginak. Arkitekto baten lana ez da mugatzen  diseinu bat marraztu eta planoak aurkeztera. Prozesu guztian aholkulari lana beteko dute eta obra proiektatu zen bezala egiten ote den ere neurtzen dute. Gainera, eraikuntza amaitu ondoren, hamar urteko epean sor daitezkeen arazoen erantzukizuna bere gain hartu beharko dute.

Bezeroen beharrak erdigunean jarri eta espazio funtzionalak eta seguruak sortzea da arkitektoen helburua. Adituak dira hainbat arlotan:  diseinuan, eraikuntzan, materialetan, hirigintza arauetan, energia eraginkortasunean eta jasangarritasunean. Horregatik, proiektuari forma emateko orduan, aholkulari lanak betetzen dituzte.

Komunikazioa funtsezkoa 

Arkitektoen eta bezeroen arteko komunikazioa funtsezkoa da: bezeroek buruan duten proiektua  zein den ulertu eta orri edo pantaila zuri baten gainean marraztu beharko baitu arkitektoak. Bezeroen ideiak entzuteko eta praktikoak diren ala ez adierazteko gaitasuna izan beharko du eta, aldi berean, ideiak egokitzeko zer egin, zer aldatu edo hobetu behar den esatekoa. Lagungarria izaten da etxebizitza bat eraikitzeko asmotan daudenek gustuko dituzten diseinuen argazkiak atera eta arkitektoei erakustea. Hitzez baino, irudien bidez errazagoa izaten baita ideiak definitzen joatea.

Kontuan izan behar da etxebizitza bat eraikitzen denean, hirigintza proiektu bat ere osatu behar izaten dela. Udal bakoitzak izaten du bere hirigintza plana eta bertan zehaztuta daude, etxebizitza bat eraikitzeko orduan kontuan hartu behar diren  zenbait baldintza. Kaleen zabalerak, etxebizitzen altuera eta zabalerak, muga edo baldintza estetikoak....

Arkitektoak zenbait faktore zaindu behar izaten ditu diseinua lantzen hasten denean. Estetikak garrantzia izanen du, baina baita material egokiak aukeratzeak, proportzioak zaintzeak, diseinua funtzionala eta jasangarria izanen dela ziurtatzeak eta estandarrak betetzen direla ikusteak ere.

Etxebizitza bat egin behar denean, arkitektoen zeregina lau fase nagusitan bana daiteke:

Hasierako fasea. Etapa honetan arkitektoek aurre azterketak egin ohi dituzte: proiektua hobeto ezagutzea, aurrekontua zehaztea, proiektuaren bideragarritasuna aztertzea eta epeak aurreikusi ahal izatea da helburua. Lehenbiziko fase honen amaieran datu horiek guztiak biltzen dituen aurreproiektu bat osatua izaten du arkitektoak.

Diseinu fasea. Aurreproiektua onartu ondoren, arkitektoa planoak diseinatzen hasten da. Fase honetan garatzen da proiektua: plano zehatzagoak egin eta espazioaren banaketa zein izanen den adosten da eta eraikinaren forma, fatxada eta erabili beharreko materialak definitzen dira.  Zalantzak, aukera posibleak... mahai gainean jartzeko momentua izaten da. Azken diseinuarekin erabateko adostasuna izatea lortu behar du arkitektoak.

Hirugarren fasean, kronograma bat osatu eta obrak behar bezala gauzatzeko behar dituen xehetasun teknikoak zehaztu eta idazten dira.

Azken etapan, proiektua gauzatzen da eta arkitektoak etxegileen lana gainbegiratzen eta koordinatzen du. Obra planifikatutakoaren arabera eta indarrean dagoen lege araudi guztia betez egiten dela bermatzen du eta proiektuaren erabateko ezagutza duenez, eraikuntza prozesuan sor daitezkeen arazo teknikoak hauteman eta irtenbideak emateko gai izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun