Etxebizitza

Teilatuak: txapela egokia izan edo ez, hortxe dago aldea

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 23a

Hainbat faktorek baldintzatuko dute teilatua berritzerakoan egin beharreko inbertsioa.

Teilatua berritzeko lanen kostua zenbatekoa izanen den baldintzatuko du konponketak egiteko behar den denborak, erabiliko den materialak, teilatuaren maldak eta irisgarritasunak

Zulodun txapelik ez dugu janzten burua babestu nahi dugunean eta hondatuta dagoen teilatua ere ez da balekoa eraikina babestu nahi badugu. Zahartu ahala, teilatua eraginkortasuna galtzen doa eta hotzaren, beroaren eta hezetasunaren kontrako babesa izateari uzten dio. Horrek eragin zuzena du etxe barneko giroan. 

Proiektu gehienetan bezala, gastatu nahi den dirua faktore erabakigarria izanen da. Hobekuntza lan zehatz batzuk eginda arazoa konpondu edo teilatua osorik aldatu behar den erabaki beharko da. Berritze lanen kostua zenbatekoa izanen den baldintzatuko du konponketa egiteko beharko den denborak, erabili beharreko materialak, teilatuaren maldak eta irisgarritasunak. 

Teilak aldatzea da teilatua berritzeko egin daitekeen lanik arruntenetako bat. Pixkanaka egin daitekeen aldaketa da: ongi daudenak mantendu eta kaltetuta dagoen zatia berritzeko aukera ematen baitu. Kostua aldatu beharreko teila kopuruaren eta teila horien materialaren araberakoa izanen da. 

Hezetasun arazoak, filtrazioak eta  itaxurak baldin badaude, teilatua inpermeabilizatzeko neurriak hartu beharko dira. Pintura iragazgaitza, tela asfaltikoa, EPDM mintzak edo poliuretanoa erabil daitezke.

Teilatuaren isolamendua hobetzeko neurria hartu eta etorkizunera begirako inbertsioa egitea izanen da bertze aukera: isolamendua teilatuaren kanpoko edo barneko aldetik jar daiteke.

Badira, ordea, teilatu zaharra osorik aldatzea eskatzen duten egoerak. Eskulanak eta materialek nabarmen garestitzen dute aurrekontua: teilatua kendu, euskarria, isolamendu eta iragazgazte geruzak jarri, teilatu berria jarri eta obra hondakinak kendu beharko dira.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun