Euskal Herri mailako auzolan nazionala antolatzen du urtero Errigorak Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzarentzat babes ekonomikoa biltzeko.
Azaroaren 13an bukatu zen Errigoraren Euskarari Puzka kanpainaren hamabigarren edizioa. Aurtengoan 16.400 saski eskatu dira osotara. Saski bakoitzak zuen balioaren laurdena ekarpen ekonomikoa dela kontuan hartuz, aurtengoan 256.500 euro bideratuko dira Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza laguntzera, iaz baino 18.000 euro gehiago.
Errigoraren kanpainarik arrakastatsuenetariko bat izan dela nabarmendu nahi izan dute arduradunek, eta gainera, urtetik urtera emaitza hobeak uzten dituela. «Elkartasun kanpaina bat hainbeste urtez bizirik mantentzeak lan handia eskatzen du; eta hortaz, aipamen berezia egin nahiko genioke urtez urte bere lekutik tinko lanean jarraitzen duen Errigorako kide orori. Kanpaina honen bihotza auzolana da. Iragan ditugun egunetan horrek itzulpen nabaria izan du: Ablitaseko auzolan erraldoia, herriz herriko ekimenak, San Fermin ikastolako auzolana, ekoizleen arteko auzolana, banaketan laguntzeko bildu diren boluntarioak...».
Hurrengo egunotan eginen dute saskien banaketa herriz herri, eta saskia erosi dutenek mezu bat hartuko dute posta elektronikoan adieraziz non, noiz eta nola bildu behar dituzten saskiak.