«Arrats batean, sexu harremanak izatera behartu ninduen. Negarrez gelditu nintzen. Hain gaizki tratatu ninduen, bizia kentzea ere pentsatu bainuen. Eta saiatu nintzen. Ospitalera eraman ninduten, eta han ohartu nintzen bizirik nengoela eta aldaketa behar nuela». Mirenenak dira solas horiek, berea da testigantza gogor hori. Asmatutako izena da, segurtasunagatik, nahiago izan baitu bere egiazko izena ez erran. Baina ez da urrutikoa, TTIPI-TTAPAren eskualdekoa da. Indarkeria matxista sufritu du urte azkarkitan, eta urte horietan guzietan erasotzailea ondoan izan du: bere seme-alaben aita.
«Emakume bat naiz, ama, eta bizitzan etapa gogor bat bizi izan dut, indarkeria matxistaren biktima izan naiz urte luzez. Lau seme-alaba ditut, eta gaur egun, dibortziatua naiz». Halaxe aurkeztu du bere burua Mirenek. Pasatutakoak pasatuta, gaur egun «hobekiago» dagoela dio, nahiz eta onartu duen, «zauriak ez direla arrunt sendatzen». Halako egoeran, babesa ze garrantzitsua den behin baino gehiagotan utzi du agerian elkarrizketa honetan, baina aldi berean, «babes falta» ere hartu du hizpide, eta «enpatia falta, laguntza eta baliabide eskasia, bakardadea, trabak...».
Gaur egun, gertatutakoaz «lasai» solastatzen dela aitortu du, «nahiz eta ez den erraza». Solastatzeak on egiten diola eta bere testigantzak bertzeei laguntzeko balio izaten ahal diola ikusita, animatu da pausoa ematera. Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, ate joka den honetan, eta hogei urte baino gehiago iraun duen kalbarioaren ondotik, TTIPI-TTAPAri bere bizipenen berri ematea erabaki du.
«Seme-alaba zaharrenak sei urte zituenean hauxe erran zidan: 'Ama, ez haserrearazi aita, ikara ematen dit'»
Eraso psikologikoak, fisikoak eta sexualak
Indarkeria matxistaren alderdirik ilunenak ezagutu ditu Mirenek: «Hasieran, indarkeria psikologikoa izan zen: kontrola, bakartzea eta mehatxuak. Gerora, indarkeria fisikoa bihurtu zen: golpeak, umiliazioak... Eta bortxaketak ere izan ziren». Erasoak «seme-alaben aitzinean ere» izaten zirela esplikatu du. Eta horren harira, seme-alaba zaharrenak sei urte zituenean errandakoa bihotzean iltzatua du: «'Ama, ez haserrearazi aita, ikara ematen dit'. Horixe erran zidan eta solas horiek ez ditut egundaino atzenduko».
«Ez nintzen berehalakoan ohartu gertatzen ari zenaz»
Kontatu duenez, lehenbiziko haurra sortu zenean egin omen zuen egoerak okerrera: «Lehendabiziko urtetan, modu sotilean hasi zen dena». Bateko eta bertzeko erasoak tartean, Mirenek ia 25 urtez izan zuen erasotzailea ondoan, baina kosta omen zitzaion begiak irekitzea: «Ez nintzen berehalakoan ohartu gertatzen ari zenaz. Maitasuna zela uste nuen, normalizatua nuen, eta ez nuen tratu txarra zela pentsatzen». Orain, ordea, badaki berari gertatutakoak eta bertze emakume aunitzi gertatzen zaionak baduela izena; alegia, hori indarkeria matxista dela. «Denborarekin, kanpotik begiratuta, ikusi nuen gertatzen ari zena ez zela normala». Hauxe gehitu du: «Harremanak faseak ditu eta ziklikoak dira: eztei bidaiaren fasea deitzen dena, baretasun fasea, tentsioa sortzen deneko fasea eta leherketa fasea».
Aski da
Bikotekideak sexu harremanak izatera behartu, eta Miren bere buruaz bertze egiten saiatu zen arrats hartan bertan erran zuen «aski». Zerbait aldatzeko beharra ikusi zuen: «Ezin nuen gehiago aguantatu».
Geroztik, bizitzako bertze etapa batean da. Salaketa paratzeko pausoa ere eman du, baina «ez da prozesu erraza izan» bere hitzetan. «Bide luzea da eta ez da batere atsegina. Baina gerora, bertze norbaiti balioko diola jakiteak animatu izan nau». Gisa berean, bidean «traba aunitz» izan dituela gaineratu du: «bai ekonomikoki, bai emozionalki, baita sozialki ere». Eta horrekin batera, «hagitz bakarrik» sentitu izan dela azpimarratu du: «Laguntza gutti hartu nuen, eta aunitzek ez zuten entenditu. Epaiak, zalantzak eta isiltasuna nagusitu ziren». Eta azpimarratu duenez, justu kontrakoa da halako egoeran behar dena: «Arrunt inportantea da inguru soziala hurbil izatea. Biktima izateak isolamendua ekartzen du eta ingurukoen babesa nahitaezkoa da sendatzeko. Enpatia, ulermena eta epairik gabeko laguntza behar dira».
Kanpoko laguntzaz ere behartu da: «Nahitaezkoa izan da». Halako egoeran, «laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala» behar direla aldarrikatu du: «Biktima izateak ondorio sakonak uzten ditu, eta horiek gainditzeko baliabideak behar dira. Aunitzetan zeure aldetik bilatu behar duzu laguntza, eta horrek gastu ekonomiko handia eragiten du. Kasu gehienetan, ezin da asumitu».
Baliabide falta
Indarkeria matxista sufritu duten emakumeak babesteko tresnak badira. Baina hankamotz ikusten du sistema Mirenek. Alde batetik, «aunitzetan sistemak ez du behar bezala erantzuten», aipatu du; «bide luzea da eta indarra behar da aitzinera egiteko». Eta bertzetik, «Nafarroako Gobernuaren baliabideak ez dira nahikoak» bere irudiko: «Laguntza behar dutenen zerrenda luzea da eta gaur egun, hogei saiorekin 'sendatua' egon behar duzu. Hainbertze urtez bizi izan duzuna ez da hogei orduz sendatzen». Horregatik «erreparatzeko tresna publikoak eta duinak» eskatu ditu.
Gaiaz «ongi informatua» izatearen garrantzia ere mahai gainean paratu du, eta «abokatu egokia izatea» ere inportantea iruditzen zaio: «Genero ikuspegia eta prestakuntza egokia duten profesionalak behar dira». Bere hitzetan, «legeak zorrotz bete behar dira, eta biktimak babesteko protokoloak indartu eta martxan paratu behar dira». Bertzalde, indarkeria garaitzeko bidean, «hezkuntza gakoa» delakoan dago: «Ttikitatik baloreetan oinarritutako heziketa behar da eta gizarteak jarrera aktiboa izan behar du».
«Ulermen falta handia da, enpatia falta agerian dago eta baliabideak ez daude beti eskuragarri»
Aitzinera begira
Gero eta gehiago aditzen dira indarkeria matxistari buruzko berriak, baina oraindik ere bada zer egin eta non ari Mirenen arabera: «Jende aunitzek uste du indarkeria fisikoa bakarrik dela. Baina psikologikoa, ekonomikoa, sexuala... Horiek denak indarkeria motak dira, eta aunitzetan ez dira ikusten. Epaiak, dudak, isiltasuna...sumatzen dira. Hori dena gainditzeko oraindik bide luzea egin beharko da». Bere ustez, «gizarteak ez du arrunt entenditzen» indarkeria matxista zer den. Ez hori bakarrik: «Jendeak aunitzetan biktimari kulpa» botatzen diola kritikatu du; «'Zergatik ez zenuen alde egin?' edo 'Zergatik ez zenuen denuntzia paratu?' erranez». Honela dio: «Ulermen falta handia da, enpatia falta agerian dago eta baliabideak ez daude beti eskuragarri».
Bidea gogorra dela erran du, eta bere kasuan, «seme-alaben aitzinean gertatutako indarkeria edo haiek ikaratuak bizitzea» izan da beretzat gogorrena, baita «nire bizitza kentzeko puntura ailegatzea» ere.
Bistan da gaia landu duela, «hasieran, gaiaz solastatzea arrunt zaila» egiten zitzaiola badio ere: «Lotsa, ikara eta kulpa sentitzen nituen». Gaur egun, ordea, buelta eman dio eta «solastatzea sendatzeko bide bat da niretzat, eta bertze emakume batzuei laguntzeko modu bat». Erran duenez, «hobekiago» dago, nahiz eta «zauriak ez diren arrunt sendatzen eta orbainak gelditzen diren. Baina indartsuago sentitzen naiz eta nire bizia berreraikitzen ari naiz». Horretaz gain, «errespetua, lasaitasuna eta maitasun osasuntsua merezi» dituela ikasi du, baita «nire bizia ez dagoela bertze baten esku» ere. Eta ohartu da ez dela bakarra: «Emakume aunitzek sufritu dugu indarkeria matxista, eta elkarrekin indartsuagoak gara».
«Solastatzea sendatzeko bidea bat da eta nire istorioak bertze norbaiti laguntzen badio, merezi izan du kontatzea».
«Ez zaudete bakarrik»
Hain zuzen, indarkeria sufritu duten edo sufritzen ari diren horiei bidali nahi izan die mezua. Alde batetik, eskualdean dauden emakume taldeetara joateko gonbita egin die, «aditzeko eta inongo epaiketarik gabe bidean laguntzeko prest daude». Berak emakume talde horietako batean bilatu du aterpea, bere hitzetan, hain beharrezkoa den elkartasuna eta laguntza: «Taldearen parte izateak lagundu zidan, indarberritzeko gogoa biztu zidan. Taldean gaudenok modu batera edo bertzera indarkeria sufritu izan dugu, eta ez naiz epaitua sentitu». Hala, «holako egoeran dauden emakume guziak onartuak eta ongietorriak» direla oroitarazi du. «Talde egonkorra sortu zen eta mantentzen da. Berdintasun teknikarien, gizarte langileen edota Aske elkartearen bidez talde egonkor horren parte izaten ahal da. Nortasuna beti babestuta izanen da eta epaiketarik ez da izanen».
Bertzetik, «ez zaudete bakarrik». Hori argi eta garbi erran nahi izan die Mirenek. «Eskatu laguntza eta ez gelditu isilik. Zuen biziak balio du, eta bakea eta libertatea merezi dituzue». Badaki, «ez da erraza», baina gisa berean jakitun da «posible» dela. Horiei guziei laguntzeko «babesa, ulermena, baliabideak eta epairik gabeko laguntza» eskatu ditu, baina «batez ere, haiei aditzeko» deia egin du. Eskatzen hasita, «lege zorrotzagoak eta genero ikuspuntua dutenak» exijitu ditu, baita «baliabide gehiago, prestakuntza profesionala eta gizartearen konpromisoa» ere; «ez dadila isilik gelditu».
Esker oneko hitzekin borobildu du bere testigantza: «Aditzeagatik, eskerrik asko. Solastatzea sendatzeko bidea bat da eta nire istorioak bertze norbaiti laguntzen badio, merezi izan du».
