Azaroak 25

Azaroaren 25aren bueltan ihes gelak antolatu dituzte Bortzirietan, Malerrekan eta Baztanen

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 18a

Etorkizun hobeari begira izenburupean, 12 urtetik goitikoentzat ihes gelak antolatu dituzte Bortzirietako, Malerrekako eta Baztango berdintasun zerbitzuek Aske elkartearekin elkarlanean. Denak debalde izanen dira. Aste honetan Igantzin eginen dute, eta heldu den astean Donezteben eta Elizondon. Parte hartzeko izena ematea nahitaezkoa da eta horretarako epeak irekiak dira. 

Parte hartzaileek, jokoan aitzinera egiteko, indarkeria matxista motekin lotutako erronkak gainditu beharko dituzte, talde lanaren bidez. 

Igantzin larunbatean

Bortzirietako saioa Igantziko eskolan eginen dute, larunbat honetan, azaroaren 22an. Ordutegiak aukeran izanen dira: 11:00etatik 12:00etara, 12:15etik 13:15era, 13:30etik 14:30era, 15:30etik 16:30era, 16:45etik 17:45era edo 18:00etatik 19:00etara. 

Izena azaroaren 21a baino lehen eman beharko da, lotura honetan. Izena banaka eman behar da, baina posta elektronikorik ez duenak edota talde bat apuntatu nahi duenak 722 69 30 78ra deitu beharko du. 

Donezteben azaroaren 26an

Malerrekako eta Bertizaranako saioa azaroaren 26an, heldu den asteazkenean, Donezteben eginen dute. 16:30etik 20:00etara, Galbaraialde egoitzan bilduko dira, eta izena lotura honetan sartuta eman behar da. 

Elizondon azaroaren 29an

Baztango saioa, azkenik, azaroaren 29an, larunbatarekin, eginen dute, egun osoan. Elizondon egin dute hitzordua, Arizkuneneko beheko solairuan, eta izena lotura honetan eman behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun