Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2025

Joanes Illarregik irabazi du Tafallako saioa eta argitu da zein zortzi bertsolari ariko diren finalean kantari

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 17a

Atzo jokatu zuten Tafallan Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Joanes Illarregi nagusitu zen. Harekin batera, finalean izanen dira Julio Soto, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena.

300 bat lagunen aitzinean jokatu zuten Tafallan Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Honako sei bertsolari hauek aritu ziren kantuan: Amaia Elizagoien Varela, Xabi Maia Etxeberria, Ekain Alegre Gil, Josu Sanjurjo Alzuri, Joanes Illarregi Marzol eta Xabat Illarregi Marzol

Ez zen saio arrunta atzokoa, izan ere, nabaria zen bertan erabakiko zela zein bertsolarik lortuko zuten finalerako txartela. Ariketa puntuagarriak  bukatuta, horrela gelditu zen sailkapena: 

  1. Joanes Illarregi Marzol (528.0)
  2. Xabat Illarregi Marzol (516.5)
  3. Josu Sanjurjo Alzuri (486.0)
  4. Xabi Maia Etxeberria (466.0)
  5. Amaia Elizagoien Varela (427)
  6. Ekain Alegre Gil (425.0)

Tafallako saioan kantatu zuten sei bertsolariak eta Zigor Gartzia Arregi 'Zian' aurkezlea.

Zortzi finalistak erabakita

Finalaurrekoak bukatuta, dagoeneko jakina da zein zortzi bertsolari ariko diren Iruñean azaroaren 29an eginen den finalean: Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Sarai Robles Vitas eta Eki Mateorena Zozaia.

Horietatik lau dira eskualdekoak: Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Eki Mateorena leitzarrak, eta Ekhiñe Zapiain beratarra. Bi aurpegi berri ere izanen dira finalean, lehenengoz kantatuko baitute bertan Mateorenak eta Zapiainek. Beteranoena, berriz, Soto izanen da hamabi finalekin. Saioa aurkezten Ainhoa Larretxea Agirre beratarra eta Ander Aranburu Arriola ariko dira. 

Lehenengoz Nafarroa Arenan eginen dute finala. Bertako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.

Aste honetan aurkeztuko dute finala eta orduan jakinaraziko dute zein izanen den aurtengoa txapela jantziko duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun