24. Korrika

24. Korrika Atharratzetik Bilbora martxoaren 19tik 29ra

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 15a

Euskara gara goiburuarekin, martxoaren 19an hasiko da AEKk antolatutako 24. Korrika. Atharratzetik abiatu eta martxoaren 29an Bilbon bukatu da. Edizio honetan Errigora ekimena omenduko dute. 

Aste honetan, Gasteizen aurkeztu dute heldu den urteko martxoan eginen den 24. Korrika. Eta han eman dituzte xehetasunak. Martxoaren 19an Atharratzetik abiatuko da, eta hamar arratsen eta hamaika egunen buruan, martxoaren 29an Bilbon izanen du helmuga. 

Euskara gara izanen du leloa, eta Ane Elordi Korrikako arduradunak honela esplikatu du: «Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izanen da». Euskarak jendarteari arnasa ematen dio bere hitzetan: «Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...».

Gainerakoan, 24. Korrikak Errigorari egin nahi dio aitortza, «euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik», eta «babesa» ere adierazi nahi dio «aitzinera segi dezan bultzatzeko». Elordik aste honetako aurkezpenean adierazi duenez, «Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere». 

Aste honetan egindako aurkezpenean ateratako argazkia. 

Bertzalde, Korrikaren aplikazio berritua eskuragarri dagoela ere jakinarazi dute eta hiriburuetako Korrika dendak eta online denda ere irekiak daudela. 

Ibilbidea, berriz, urtarrilaren 8an, argitaratuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun