Erremontearen etorkizuna sendotzeko borondatea agertu dute Oriamendi 2010ko pilotariek

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 13a

Oriamendiko erremontista batzuk, aurtengo binakako txapelketaren aurkezpenean.

Oriamendi 2010eko erremontistek jakinarazi nahi dute enpresak helarazi diela 2026koa izanen dela Oriamendiren azken urtea erremonte profesionalaren kudeaketan. Horrenbertzez, «gaur egun Euskal Herriko erremonte profesionalaren etorkizuna zalantzan dago, eta une erabakigarrian aurkitzen gara».

Enpresak 2026a izanen dela erremontea kudeatzen duen azken urtea jakinarazi du eta erakunde publikoen eta kirol eta kultur eragileen laguntza eskatu dute erremontistek

Egoera honen aitzinean, argi eta garbi adierazi nahi dute «erremontistok guztiz konprometituta jarraitzen dugula erremontearen etorkizunarekin, gure kulturaren eta euskal ondarearen parte garrantzitsutzat jotzen dugun kirol honekin. Erremontea ez da kirol hutsa, ohitura historikoa da, gure lurrean sakon errotua, eta Gipuzkoa eta Nafarroaren identitatearen parte da».

Hamarkadetan zehar, Hernaniko Galarreta pilotalekua izan da«erremontearen katedrala, kirol honek ikusgarritasuna, emozioa eta harrotasuna eskaini dizkien milaka zaleen eszenatokia».

Azken 15 urte hauetan, erremontistak Oriamendi 2010ekin elkarlanean aritu dira, «norabide berean arraunean eta gure onena emanez, helburu bakarrarekin: gure kirol maite hau bizirik mantentzea».

Gaur, Euskal erakunde publiko guztiei eta kirol zein kultura arloko eragileei dei egiten diete, «2027tik aurrera erremonte profesionalaren jarraipena bermatzeko konpromisoa har dezaten».

Oriamendi 2010 enpresan ari diren erremontisten borondatea erabatekoa da: «elkarlanean aritzeko, negoziatzeko eta egokitzeko prest gaude, erremonteak etorkizun sendoa izan dezan».

Horrez gain, prest daude edozein erakunde, entitate edo pertsona interesaturekin biltzeko, erremontearen etorkizuna lantzeko: «Ilusioak, pasioak eta konpromisoak batzen gaitu, maite dugun kirol honekin. Erremonteak bizirik jarraitzea, eta euskal kirolaren eta kulturaren harrotasun eta erreferente izaten segitzea nahi dugu», diote erremontistek oharrean.

22 erremontista ditu Oriamendi 2010 enpresak, horietatik bortz eskualdekoak: aurten, buruz buruko txapeldun izan den Aritz Juanenea saldiastarra, Aimar Jabalera eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aritz Zubiri eta Oier Apezetxea goizuetarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun