Etxebizitza

Etxeak zaharberritzeko laguntzak urte osoan eskatzen ahal dira

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 16a

Igogailuak jartzeko edo oztopo arkitektonikoak kentzeko izaten dira maiz pisu etxeetan eskatzen diren dirulaguntzak .

Izan daitezke etxeko sarbidean oztopoak kendu eta igogailua jartzeko, inguratzaile termikoa hobetzeko, berokuntza sistema aldatzeko, etxea desgaitasuna duten pertsonendako egokitzeko, leihoak aldatzeko… Hori bai, berritu nahi den etxeak ohiko bizitegi arrunta izan behar du, eta ez bigarren bizitokia.

Dirulaguntzak zertarako?

Baserri batean edo partikular baten bizitegian obrak egiteko edota karrikan dagoen pisu etxe batean elementu komunitarioak (teilatua, eskailera, fatxada…) zaharberritzeko izaten ahal dira:

  • Etxearen egitura edo funtzionamendua egokitzeko (teilatua, fatxadak, igogailua, traba arkitektonikoak…) edo bizitokiaren barneko zaharberritze lana egiteko.
  • Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eraikin osoan (isolamendu lanak, berokuntza sistema jarri edo aldatu, galdara edo leihoak aldatu…).
  • Irisgarritasuna hobetu eta trabak kentzeko (oztopoak kentzeko adineko eta elbarriendako…).
  • Bizigarritasun baldintzak hobetzeko etxe barneko obrak (bainuontzia kendu eta dutxa jartzea, hodiak eta txorrotak aldatzea…).
  • Indarrean dauden lege eta araudietara egokitzeko.
  • Desgaitasunen bat duten pertsonendako etxea egokitzeko laguntza bereziak daude. Eskatu informazioa Nasuvinsan.
Laguntza eskatzeko, gutxienez baldintza hauek bete behar ditu zaharberrituko den etxeak edo obrak
  • Etxeak 20 urte baino gehiago izatea, salbu pertsona desgaituendako egokitu edo derrigorrezko arau teknikoak betetzeko baldin bada.
  • Etxeko azalera erabilgarriaren %50a baino gehiago bizitokia izatea.
  • Etxebizitza ohiko bizitegi iraunkorra izatea, ez bigarren bizitokia.
  • Obraren aurrekontu babesgarria 2.000 eurotik gorakoa izatea.
  • Behin-behineko kalifikazioa egin baino lehen obra hasi gabe egotea, eta 36 hilabeteko gehienezko epean bukatu behar da.
  • Zaharberritu nahi den etxea ezin da osorik hustu edo bota, ezta bizitoki berriak sortu ere.
  • Etxeak 50 urte baino gehiago duenean, beharrezkoa da EETa izatea (Eraikinak Ebaluatzeko Txostena).
  • Eskatzaileak duen adinaren, diru sarreren eta etxearen antzinatasunaren arabera emanen da laguntza.
Laguntzaren portzentajea, muga batzuen barnean, etxekoek duten diru sarreren arabera finkatzen da

Batetik familiako kide kopurua eta bertzetik etxeko guztien arteko diru sarrerak (Errenta Aitorpeneko zerga oinarriaren zati orokorra gehi tributaziotik salbuetsitako errentak) gurutzatuz prest duten taularen arabera finkatzen dute laguntza hartzeko aukerarik baden edo ez.  Kontsultatu kopuruak Nasuvinsan.

Bizilagunen komunitatearen bitartez tramitatu behar dira eskaera batzuk

Komunitarioak diren elementuetan oztopo arkitektonikoak kentzeko edota babes termikoko inguratzailearen efizientzia hobetzeko obrak izaten dira bizilagunen komunitatearen bitartez tramitatzen diren laguntza eskaerak.

Kontuan hartu behar da, betiere, laguntza eskatu ahal izateko eraikinak 20 urte baino gehiago izan behar dituela eta komunitateko bizitegi bakoitzeko laguntzaren kopurua garrantzitsua izaten dela. Eskatu informazioa Nasuvinsan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun