560 kiloko kategorian zortzinaka jokatu dute txapelketa mistoa. Beti Gazte hotz xamar hasi zen et Txantrearen kontrako lehen tiraldia irabazi baldin bazuen ere, bigarrena galdu egin zuen. Ligaxkako bertze tiraldi guztiak, Berriozarren eta Antsoainen kontra, irabazi zituen. Bien bitartean, Berriozarrek bi tiraldiak irabazi zizkion Txantreari eta Antsoaini eta Txantreak ere Antsoainen kontrakoak irabazi zituen. Gauzak honela, ligaxkan lehena izan zen Beti Gazte eta laugarren izandako Antsoaini erraz irabazi zion finalerdia. Ligaxkan bigarren izan zen Berriozarrek ere hirugarren izandako Txantreari irabazi zion. Finalean, Beti Gaztek ongi eraman zituen Berriozarren kontrako bi tiraldiak, txapela janzteko. Hirugarren posturako lehia Txantreak irabazi zion Antsoaini.
Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Beñardo Iantzi, Onintza Zapiain (Bera), Elena Zabala (Doneztebe), Iker Pikabea, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Naiara Otxoteko (Etxalar) eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.
Sari banaketan, Jon Telletxea Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea eta Arantxa Arregi Doneztebeko alkatea izan ziren.
Gizonezkoak zortzinaka eta emakumeak seinaka
Txapelketa mistoa erabaki ondotik, Nafarroako sokatira txapelketan gizonezkoak zortzinaka (620 kilo) eta emakumeak seinaka (390 kilo) lehiatuko dira. Antsoainen azaroaren 16an, igandean 11:30ean hasita eta Lesakan, azaroaren 22an, larunbatean 17:00etan hasita, jokatuko dituzte bi jardunaldiak. Lesakan, ligaxkako lehen bi sailkatuen arteko finalak jokatuko dituzte.
Gizonezkoetan, hiru talde bakarrik ariko dira: Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea. Emakumezkoetan, aldiz, sei talde izanen dira: eskualdekoak bi izanen dira, Amaiur eta Beti Gazte. Beraiekin batera, Antsoain, Araxea, Berriozar eta Txantrea ariko dira.