Eskualdeko 257 ikaslek parte hartuko dute 2026ko Nafarroako Iraupen Eskiko Eskola Kanpainan

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 9a

Nafarroako ehunka ikaslek parte hartuko dute Nafarroako Iraupen Eskiko Eskola Kanpainaren 42. edizioan. Ohi bezala, Otsagabian eta Izaban eginen dituzte egonaldiak, eta tartean izanen dira eskualdeko 257 ikasle eta 24 irakasle.

Izena emandako ikastetxe guziekin, joan den urriaren 20an egin zuten zozketa, eta eskualdeko hamahiru ikastetxetako 257 ikaslek izanen dute Iraupen Eskiko Eskola kanpainan parte hartzeko aukera. Eurekin batera 24 irakasle joanen dira. Zehazki, ikastetxe hauetakoei tokatu zaie joatea: Doneztebeko San Miguel, Aresoko Nazabal, Goizuetako Andres Narbarte Xalto, Leitzako Erleta, Iturengo Pulunpa, Legasa, Narbarteko Arotzenea, Saldias, Sunbilla, Elizondo, Leitzako Amazabal institutua, Berako Labiaga ikastola eta Lesakako Tantirumairu ikastola.

Batzuk kanpoan

Eskainitako 3.960 plaza baino izen emate gehiago izan direnez, batzuk kanpoan gelditu dira. Eskualdeko hamahiru ikastetxetako ikasleak, adibidez, kanpoan gelditu dira eta hala, itxaron zerrendara pasatu dira: Almandoz, Amaiur, Arizkun, Azpilkueta, Gartzain, Doneztebeko Mendaur, Arantza, Berako Ricardo Baroja, Etxalarko Landagain, Igantzi, Lesakako Irain, Baztan Ikastola eta Berako Toki Ona institutukoak, hain zuzen. Kanpaina kudeatzen dutenek adierazi dutenez, aurten kanpoan gelditu direnek ondoko urteetan «lehentasuna» izanen dute.

Bertzetik, joan den urteko datuekin konparatuz, eskualdeko lau ikasle gehiagok parte hartuko dute 2026ko eski kanpainan. Eta horrekin batera, bi ikastetxek egonaldia errepikatuko dute: Elizondoko eta Goizuetako eskolek. 

Egonaldiei dagokienez, bai Izaban, bai Otsagabian, urtarrilaren 12tik martxoaren 27ra arte hamaikana txanda izanen dira.

Izabara joanen diren eskualdeko ikastetxeetako ikasleak

5. txanda, otsailaren 9tik 13ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Doneztebeko San Miguel eskola LH 6 44 4
7. txanda, otsailaren 23tik 27ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Aresoko Nazabal eskola LH 6 3 1
Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskola LH 5-6 11 2
Leitzako Erleta eskola LH 6 41 3
9. txanda, martxoaren 9tik 13ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Iturengo Pulunpa eskola LH 4-5-6 12 1
Legasako eskola LH 4-5-6 14 1
Narbarteko Arotzenea eskola LH 4-5-6 12 1
Saldiasko eskola LH 4-5-6 4 0
Sunbillako eskola LH 4-5-6 13 1
11. txanda, martxoaren 23tik 27ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Elizondoko eskola LH 6 20 2
Leitzako Amazabal institutua DBH 1 41 3

Otsagabira joanen diren eskualdeko ikastetxeetako ikasleak

2. txanda, urtarrilaren 19tik 23ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Berako Labiaga ikastola LH 5-6  24 3
8. txanda, martxoaren 2tik 6ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Lesakako Tantirumairu eskola LH 5-6 18 2
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun