«Zaintzaren arloan urratsak eman eta adinekoak babesten dituen sarea sortzen ari gara»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 9a

Elena Irigoien, Cederna Garalurreko Mendialdeko koordinatzailea eta Mimukaiko dinamizatzailea.

Elena IRIGOIEN, Cederna Garalur elkarteko mendialdeko koordinatzailea.

RuralNav proiektuaren eskutik, Cederna Garalur elkarteak adinekoei bideratutako 58 baliabide eta zerbitzu identifikatzen dituen azterlan bat bultzatu du Mendialdean. Ekimenaren helburua «zaintza eredu komunitarioa eta jasangarria indartzea da».

Elena Irigoien Cederna Garalur elkarteko Mendialdeko koordinatzaileak azaldu du Mendialdeko adinekoen zaintza ekosistemaren mapa egitea ahalbidetu duela azterlanak: «Arano, Goizueta, Leitza, Areso, Larraun, Lekunberri, Basaburua, Betelu eta Araitzen adinekoentzako dituzten arretarako edo aisialdirako zerbitzuak zeintzuk diren bildu nahi genuen». Idea Innovacionek egin du ikerketa eta  58 baliabide edo zerbitzu identifikatu dituzte: «Baliabide horien artean ditugu eguneko zentroak, farmaziak, adinekoen elkarteak, gizarte zerbitzuak eta tokiko negozioak». Horiek guztiek «zaurgarritasun egoerak goiz detektatzeko» funtsezkoak direla azpimarratu dute: «Saltokietan lan egiten duten pertsonek gure adinekoak ezagutzen dituzte eta gai dira ikusteko noiz behar duten laguntza. Osasun arazoak, bakardade egoerak… antzeman ditzakete».

Baliabideen mapa hau adinekoen eskura jartzea garrantzitsua iruditu zitzaien eta modu eraginkorrean zabaltzeko hainbat bitarteko erabiliko dituzte: «WhatsApp kanal bat, imanak, liburuxkak… Horietako batzuk dagoeneko diseinatu ditugu eta datorren urtean martxan jartzea espero dugu».

Tokiko inplikazioa duen eskualde pilotua

Cederna Garalurrek, Nafarroako Landa Ekintzako Taldeekin batera (EDER, TEDER eta Zona Media partzuergoak), RuralNav lankidetza proiektuan parte hartzen du eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren Departamentuak finantzatzen du. Nafarroa osoan egin zezaketen ikerlana, baina Mendialdea aukeratu zuten azterketa hau egiteko, eskualdearen tamainagatik eta landa ezaugarriengatik: «Eskualde zabala da, biztanleria hainbat esparrutatik kudeatutako kontzejuetan eta gizarte zerbitzuetan sakabanatuta dago. Eskualdean, populazio ahula artatzeko tokiko proiektu ugari dituzte martxan. Komunitatearen izaera indartu eta bertako komertzioak, familiak eta udalak elkarlanean aritzea sustatuz».

Hainbat ekimen nabarmentzen dira: «Zaindu Leitzaldea, Basaburuko eguneko zentroa edo Mimukain zaintzaileentzako eskaintzen dituzten ikastaroak, zaintza profesionalizatu eta lan aukera bat eskainiz».  

Zaintza, garapenerako aukera gisa

Azterlana RuralNav proiektuaren barneko lan ildo zabalago baten parte da, eta landa eremuko zaintza zerbitzuak hobetzea eta enplegu duinerako aukerak sortzea ditu helburu. Iaz, programak Lekunberriko eta Larraungo eguneko zentroetako menu jasangarrien ereduaren azterketa finantzatu zuen. Aurten, zaintza sektorearekin lotura duten negozio eredu berriak identifikatzera bideratu ditu ahaleginak: «Haien bideragarritasuna eta enplegu duin berriak sortzeko aukera aztertuz».

Irigoienen arabera, proiektu hauei esker, Mendialdeak aukera handia ematen du «zaintzaren inguruko benetako ekosistema integral bat diseinatzeko». Hainbat ekimen ari dira sortzen zaintzaren eta helburuetako bat da mugimendu horiek antolatzea eta zaintza ekosistema bat diseinatzea: «Adinekoez gain beste kolektibo batzuei ere, haurrak, mendekotasun egoeran dauden pertsonak… erantzuteko gaitasuna izan dezan, tokiko enpresak inplikatuz eta enplegu aukera berriak sortuz».

Mendialdean, zaintza lan ildo estrategikoa da: «Datu eta azterlanez haratago, eskualde honetan giza sare bat ehuntzen ari da, pertsonak erdigunean jarri eta landa eremuaren balio sendoenetako bat indartzen duena: hurbiltasuna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun