IV. Bortz Kirol txapelketako lehen jardunaldia jokatu dute asteburuan

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 3a

Lehen jardunaldiko lehiarik estuena Azkaingo Karrikaburuk eta Narbarteko Iriartek eskaini zuten. Azkenean, lau tantoko aldearekin, narbartearra nagusitu zen.

Albiasu eta Iriarte narbartearrek eta Zabala oiartzuarrak lehen garaipenak eskuratu dituzte Ezkurra pilotalekuan

Doneztebeko Erreka elkarteak laugarren urtez antolatutako Bortz kirol txapelketa azaroko lehen asteburuan abiatu da. Txapeldun berria izanen da aurten, lehen hiru edizioetako txapelduna, Jerome Karrikaburu, ez baita ariko. Baina bertze zazpi pilotari hasi dira. Larunbatean garaipen garbia lortu zuen Albiasu narbartearrak eta igandean, erraz irabazi zuen Zabala oiartzuarrak eta, gogotik lan eginez, Iriarte narbartearrak.

 

Larunbatean jokatutako lehen partidan, Narbarteko David Albiasuk erraz irabazi zion Urruñako Jon Muruagari, 51-18. Bortz modalitatetatik lauretan irabazi zuen Albiasuk: xaren (12-1), eskularruz (12-13), paletaz (12-1) eta eskuz (12-1) eta Muruagak, aldiz, joko garbin irabazi zuen (3-12).

Lehia estuagoa izan zen igandeko lehen partidan. Narbarteko Julen Iriartek 39-35 irabazi zion Azkaingo Xan Karrikabururi. Xaren eta joko garbian Karrikaburu nagusitu zen (1-12 eta 2-12), baina bertze hiru modalitatetan Iriarte izan zen irabazle: eskularruz (12-3), paletaz (12-3) eta eskuz (12-5).

Bigarren partidan, Oiartzungo Andoni Zabalak bortz modalitatetan irabazi zion Azkaingo Txema Gogorzari: xaren (12-1), joko garbin (12-2), eskularruz (12-9), paletaz (12-4) eta eskuz (12-9). Denera, 60-25.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun