Otxandorena eta Otano txapeldun binakako erremonteko profesionaleko finalean

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 3a

Otxandorena eta Otano txapeldun eta Zeberio II.a eta Mitxeo txapeldunorde, larunbatean Luzaiden.

Euskal jai Erremonte Fundazioak eta E•remonte Iruña enpresak antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketa Reino Gourmet Sari Nagusiko finala azaroaren 1ean jokatu zuten Luzaideko Fernando Arretxe pilotalekuan berrituan. Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Otanok jantzi zuten txapela final zirraragarri batean Zeberio II.ari eta David Mitxeo doneztebarrari 35-31 irabazita. Otxandorenak eta Otanok hirugarren txapela dute aurten.

Azaroaren 1ean Luzaiden jokatutako final ikusgarrian 35-31 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Mitxeori

Jaialdiko lehen partida ere maila handikoa izan zn eta Matxin III.ak eta Agirrezabalak 30-28 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Ioni. Partiden aitzinetik, Luzaideko bolanteen emanaldia ere izan zuten ikusgai.

Otxandorena izan zen partidak onena eta 21 tanto egin zituen aurrelari doneztebarrak.

 

Final nagusia bikaina izan zen. Faboritoak, Otxandorena eta Otano agintzen hasi ziren eta bortz tantoko aldea lortu zuten 6-11koan. Gorriek, baina, Mitxeo indartsu baten kolpean oinarrituta zazpi tanto egin zituzten bata bertzearen ondotik eta 13-11 aitzinetik paratu ziren. Berdintasun handia izan zen partidaren erdialdean baina agudo urdinek lau tantoko (20-24) eta sei tantoko aldea ere lortu zuten (22-28). Bazirudien partida ongi bideratua zutela, baina tanto bakarrera hurbildu ziren Zeberio eta Mitxeo (27-28). Baina ez zuten partida berdintzea lortu eta Otxandorenak tanto ikusgarriak egin zituen, berriz ere sei tantoko aldea hartzeko (27-33). Bi tantora hurbildu ziren, berriz ere gorriak (31-33), baina azkenean, 31-35 irabazi zuten Otxandorenak eta Otanok.

Mitxeok ere partida bikaina egin zuen eta berak eutsi zion bikote gorriari.

Otxandorenak 21 tanto egin zituen finalean, Mitxeok bederatzi eta Zeberiok eta Otanok zortzina. Bi doneztebarrak izan ziren partidako onenak, bakoitza bere lekuan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun