TTIPI-TTAPAk jakin duenez, Abo Energy enpresak Malerrekako eta Basaburua Ttikiko udal bat baino gehiagoren atea joa zuen, haien lurretan eolikoak paratzeko asmoz. Itxura guzien arabera, Ituren, Zubieta, Beintza-Labaien, Eratsun, Ezkurra eta Goizuetako lurretan aerosorgailuak paratzea zen bere intentzioa, deskarga Hernaniko azpiestaziora egiteko.
Iturenen, konparazio batera, enpresak bortz eoliko paratu nahi zituen Mendaur eta Soranoko parajeetan; Zubietan, Loitzateko atakan, lau eoliko; Beintza-Labaienen, Axura aldean garatu nahi zuen proiektua, eta Ezkurra eta Eratsun aldean, Irakurri inguruan, bortz eoliko paratu nahi zituzten.
Bada bortz udal horietako ordezkariek TTIPI-TTAPAri baieztatu diotenez, enpresak e-mail bat bidali die proiektuarekin ez duela aitzinera segituko baieztatuz. Zubietako Udalak enpresaren mezua zein izan den ere zehaztu du: «Gure departamentu zibilarekin batera, terrenoaren eta sarbideen azterketa teknikoa egin dugu eta egungo baldintzekin kokaleku horretan aurreproiektuarekin segitzea bideraezina dela ikusi dugu».