Tximiniako suterik ez gertatzeko aholkuak eman ditu Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 29a

Ezbeharrak saihesteko mantentze lan egokiak egitea eta tximiniak eraiki eta eraberritzen dituztenak profesionalak izatea komeni da. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak guztira 40 tximinia sute artatu ditu urte honen hasieratik. 

Neurri handi batean, ezbehar hauek mantentze lan egokiak langile profesionalen eskutik eginez gero aisa ekidin daitezke. Joan den urte osoan tximiniako 55 sute artatu zituzten Nafarroa osoan, horietatik zortzi Oronozko suhiltzaileek.

Profesionaltasuna eta mantentze lanak

Ezbeharrik gerta ez dadin, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak gogorarazi du hagitz garrantzitsua dela tximiniak eraikitzeko edo berritzeko profesionalak kontratatzea, eta, hala, obra behar bezala egiten dela bermatzea, tximiniaren tiroak berotik behar bezala isolatuak egon behar duten forjatuak eta estalkiak zeharkatzen baititu. Bertzela, etxeak sute arrisku handia du.

Egurrak, erretzean, tximiniaren tiroan metatzen diren aerosol batzuk destilatzen ditu, kreosota deritzona sortuz. Hau hagitz lodia bada, gori jar daiteke eta erre. Izan ere, hori izan ohi da sute mota hauen kausarik ohikoena. Hori saihesteko, tximiniari kedarrak kentzea gomendatzen da: gutxienez urtean behin, egunero erabiltzen bada, eta, gutienez, bi edo hiru urtean behin, maiztasun txikiagoarekin egiten bada, bigarren etxebizitzetan bezala. Lan horiek, berriz ere, profesionalek egin behar dituzte, altuerako lanak baitira.

 

Modu egokian erabili

Tximinia ongi erabiltzeko, egur gainkargak ekidin eta egur lehor eta gogorrak erabili behar dira, hala nola haritzarena edo pagoarena. Izan ere, egur bigunek (pinuarena edo makalarena) baino bero gehiago eta alkitran gutiago pilatzen dute. Gainera, instalazioaren inguruan segurtasun eremu bat sortu behar da, eta ez da material erregairik paratu behar sutatik bi metro baino gutiagora, eta tximinia estalkidunak erabili behar dira txinpartarik ez jausteko. Era berean, garrantzitsua da gela etengabe aireztatzea eta sua erabat itzaltzea, batez ere, etxebizitzatik joan edo ohatzera joan aitzinetik.

Horrez gain, su detektagailua behar bezala kokatzea gomendatzen dute, sute baten hasiera garaiz detektatzeko neurri bikaina baita.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak gogorarazi du, neurri guztiak hartuta ere, kea edo sua ikusten bada, 112 telefonora deitu behar dela berehala. Deitu ondorik, tximinia itzali behar da eta, detektatu duen pertsona gai sentitzen bada, sua itzaltzen saiatu behar da suhiltzaileak iritsi bitartean, baina norbere burua arriskuan paratu gabe.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun