Atzo arratsaldean, urriaren 26an, jokatu zuten Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenbiziko faseko laugarren eta azken saioa. Sei bertsolari aritu ziren kantari: Ekain Alegre Gil, Joanes Illarregi Marzol leitzarra, Kattin Madariaga Apaolaza aranztarra, Mikel Lasarte Zia, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabi Maia Etxeberria elizondoarra.
Saio puntuagarri guziak egin ondotik, Illarregi izan zen puntu gehien bildu zituena, eta hala, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara. Honela gelditu zen sailkapena:
- Joanes Illarregi Marzol: 361,5 puntu
- Saioa Alkaiza Guallar: 340,5 puntu
- Mikel Lasarte Zia: 339 puntu
- Ekain Alegre Gil: 332,5 puntu
- Kattin Madariaga Apaolaza: 331 puntu
- Xabi Maia Etxeberria: 319,5 puntu
18 bertsolari finalaurrekoetan
Lehenbiziko fasea bukatuta, erabakia gelditu da nork kantatuko duen finalaurrekoetan. Hemezortzi bertsolari dira finalaurrekoetan kantatuko dutenak:
- Xabat Illarregi Marzol (Leitza): 365,5 puntu (Iruritan jokatutako saioan nagusitu zen)
- Joanes Illarregi Marzol (Leitza): 361 puntu (Atzo Los Arcosen egindako saioan nagusitu zen)
- Eneko Lazkoz Martinez: 357,5 puntu (Auritzen jokatutako saioan nagusitu zen)
- Julio Soto Ezkurdia: 353 puntu (Mutiloan jokatutako saioan nagusitu zen)
- Endika Legarra Nuin: 349,5 puntu
- Saioa Alkaiza Guallar: 340,5 puntu
- Mikel Lasarte Zia: 339 puntu
- Sarai Robles Vitas: 338,5 puntu
- Josu Sanjurjo Alzuri (Lesaka): 336 puntu
- Ekain Alegre Gil: 332,5 puntu
- Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza): 331 puntu
- Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera): 329,5 puntu
- Saats Karasatorre Martinez: 328,5 puntu
- Julen Zelaieta Iriarte (Bera): 321 puntu
- Amaia Elizagoien Varela (Oronoz-Mugairi): 320,5 puntu
- Xabi Maia Etxeberria (Elizondo): 319,5 puntu
- Jabi Lezaun Landa: 309 puntu
- Eki Mateorena Zozaia (Leitza): 301,5 puntu
Puntuazioaren arabera, eskualdeko bederatzi bertsolarik izanen lukete finalaurrekoetan kantatzeko aukera, baina Saats Karasatorrek uko egin dio txapelketari, eta beraz, Patxi Castillo Graziarena beratarrak (296,5 puntu) osatuko du hemezortziko zerrenda.
Azaroaren 1ean eginen dute finalaurrekoetako lehenbiziko saioa, Agoitzen. Bertze bi saio ere izanen dira, azaroaren 8an Leitzan eta 16an Tafallan. Horietan erabakiko da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Azaroaren 29an jokatuko da finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Saioetarako sarrerak lotura honetan erosten ahal dira.
