Palestina

Palestinaren aldeko pilota jaialdi solidario berezia eginen dute Galarretan azaroaren 23an

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 24a

Palestinaren aldeko pilota jaialdi solidarioa aurkeztu zuten ortzegunean Galarretan. Azaroaren 23an eginen dute eta esku pilota, zesta-punta eta erremonte partidez gain, bertsolariak ere arituko dira.

Hernaniko Galarreta Jai-Alai pilotalekuan azken urteetan ikusi ez den ekimen berezia aurkeztu zuten ortzegunean: kirol, kultura eta gizartea uztartzen dituen jaialdi solidarioa, Palestinaren aldeko elkartasun keinua bihurtuko dena. Jaialdia azaroaren 23an, igandean, 17:00etatik aurrera eginen da, eta bertan bilduko dira pilota modalitate nagusiak: esku pilota, zesta-punta eta erremontea. Azken hamarkadetan gertatu ez den bateratze honek ilusioa piztu du pilotazaleen artean, frontoi mitiko batean eginen baita: Hernaniko Galarreta pilotalekuan.

 

Kirola, kultura eta gizartea uztartuko dituen jaialdian esku pilota, zesta-punta eta erremonte partidak eta bertsolariak izanen dira

Ekimenaren helburu nagusia Palestinako herriari laguntza humanitario zuzena ematea da, bertan bildutako diru guztia Gernika Palestina herri ekimenak bertara kudeatuko baitu. Proiektuaren babesle eta antolatzaileen artean daude Oriamendi2010, hainbat pilota klub, eta kirol zein kultura arloko pertsona ezagunak.

Aurkezpenean nabarmendu denez, jaialdi solidarioa azaroaren 23an 17:00etan hasiko da. Lehenik esku pilotako partida jokatuko dute: Apaolaza eta Ibai Zabala, Mikel Goñi oronoztarraren eta Elizegiren kontra. Ondotik, zesta-puntako norgehiagoka jokatuko dute: Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, Elaia Gojenolaren eta Maia Goikoetxearen kontra. Eta bukatzeko, erremonte partida: Ansa II.a eta Aiestaran VI.a Goikoetxea V.aren eta Larrañagaren kontra.

Giroari kolore berezia emanen diote, Andoni Redondo eta Eli Pagola bertsolariek, euren bertso eta mezuekin.

Antolatzaileek aurkezpenean adierazi dute jaialdi honen baliorik handiena euskal herriaren batasun eta elkartasun espiritua dela, eta gonbidapena luzatu diete elkarte, talde sozial, ikasle talde, musika talde eta norbanako guztiei ekimenera batu daitezen. Helburua da ahalik eta babes eta laguntza handiena lortzea Palestinako herriarentzat.

Sarrerak jada salgai daude www.oriamendi.eus webgunean eta Galarreta Jai-Alairen orrian. Prezioa 10 eurokoa izango da 10 urtetik gorakoentzat, eta doakoa 10 urtetik beherakoentzat. Gainera, egun horretan bertan egingo dira dohaintza osagarriak, nahi duenak bere ekarpena egin dezan.

Jaialdi hau euskal kulturaren eta elkartasunaren adierazpena izatea nahi dute antolatzaileek, eta Galarretako hormek berriro erakutsiko dute euskal kirolaren bihotza ere solidarioa dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun