Zaida Muñoz: «Zeure burua ongi ikusteak ez du zure tailarekin zerikusirik»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 23a

Zaida Muñoz baztandarra irudi aholkularia da 2015etik ari da langintza horretan.

Zaida MUÑOZ, Irudian espezializatutako aholkularia eta estilista baztandarra

Estilista eta irudian espezializatutako aholkularia da Zaida Muñoz. 2015ean murgildu zen mundu horretan, eta geroztik bezero bakoitzari hobekien gelditzen zaion arropa aukeratzen laguntzen aritzen da. Argi dio: «Gorputz denak dira diferenteak eta ulertu behar dugu denei ez zaizkigula arropa mota eta estilo edo mozketa guztiak ongi gelditzen.

Zer egiten du irudian espezializatutako aholkulari batek? 
Ameriketako Estatu Batuetatik heldu den figura bat da eta hona duela hamar bat urte inguru ailegatu zena.  Irudi aholkularia zuk duzun potentzialitate guztia lortzen laguntzen dizun norbait da. Zuri hobekien gelditzen zaizun arropa aukeratzen lagunduko dizuna arropak ongi eta estrategikoki erabiliz. Nik ahalduntzeko tresna dela erraten dut. Egunerokoan gure intuizioaren arabera janzten gara eta zer da gertatzen dena? Horren gibelean teknika bat dagoela, eta hori ikasi egiten dela. Arropa tresna bat da. Zeure burua ongi ikustea ez da kasualitatea eta ezin da kasualitatea izan. Arroparen lengoaia ulertzean datza, eta arropa hori aukeratzean. Irudi aholkulari batek bide hori egiten erakutsiko dizu. Lanean hasi nintzenean egin nuen lehen gauza izan zen doako tailerrak egitea erakusteko bakoitzak bere gorputza duela, gorputz denak direla diferenteak eta ulertu behar dugula denei ez zaizkigula arropa mota eta estilo edo mozketa guztiak ongi gelditzen.

Nola murgildu zinen mundu honetan? 
Niri gertatzen zitzaidana hori zelako. Nik uste nuen nire gorputza zela arroparen neurrira egokitu behar zena, eta loditzen nintzenean hagitz gaizki sentitzen nintzen nire gorputzarekin.  30 urte ingururekin ohartu nintzen hori ez zela jasangarria inondik inora. Ezin dugu fisiko berbera mantendu bizitza osoan eta ezingo dugu beti gorputz bera eta taila bera izan. Orduan hurbildu nintzen figura horretara. Deskubrimendu handia izan zen ohartu nintzenean neure burua ongi ikusteak ez zuela inolako harremanik tailarekin.  Nire ikasle denek aipatzen dute prozesua egitea askatzailea dela. 

«Deskubrimendu handia izan zen ohartu nintzenean neure burua ongi ikusteak ez zuela inolako harremanik tailarekin»

Zergatik askatzailea? 
Askatzailea da dagoeneko ez zarelako zu arroparen arabera moldatu behar dena. Ni, nahiz eta nire gorputzaren forma fisikoa edozein izan, eta nahiz eta momentu batean ez gustatu, arropari esker ongi ikusten ahal naiz. Bigarren kontu bat ere bazegoen eta zen nik arropa aunitz erosten nuela. Nerabezaroan arropa erostea edonoren eskuetan zegoen zerbait zen eta nik astero erosten nuen. Aldi berean ohartzen nintzen nahiz eta arropa erosi ez nuela lortze hobeki ikustea. Ikusi nuen gezurra zela arropa gehiago izateak aukera gehiago ematen dizkizula. 

Zein izaten da zure aholkularitzara jotzen duen bezeroa? 
Gehienak emakumeak dira. Orokorki, 45 urtetik 55 urtera bitartekoak. Normalean  dagoeneko ohartu dira arropa aunitz erosteak ez duela erran nahi hobe jantziko direnik edo gustura sentituko direnik, edo ez dute armairuan arropa pilatzen segitu nahi. Beren burua ongi ikusten duten emakumeak ere etortzen dira, gustura daudenak, baina ez dutenak lortzen armairu bat izatea egunerokoan ongi janzteko edo beraiek nahi duten estiloa lortzeko aukera ematen diena.

Eta nolakoak izaten dira aholkularitza saioak? 
Nik sei hilabeteko programa batekin egin dut lan El arte de vestirte (Janztearen artea) izena duena. Programa horrek bortz modulu edo urrats ditu eta eskuz esku egiten dut lan bezeroarekin.

«Geure burua ongi ikustea ez datza arropa aunitz izatean, gure burua ezagutzean baizik»

Zein dira urrats horiek? 
Lehenengoa urratsa ezaugarri fisikoak ezagutzea eta zer behar fisiko ditugun aztertzea, eta horretarako bezeroaren siluetaren azterketa bat egiten dut. Bigarrena, gorputzari hobekien egokitzen zaizkion arropak ikustea. Behin hori eginda gure armairua osatzeko estrategia nola egin erakusten dugu. Ni 40/4000 metodoaren sustatzailea naiz. Urtaroko 40 piezako armairua osatzen dugu eta pieza horiek 400 konbinazio baino gehiago ematen dizkigute. Hori horrela izan dadin hainbat filtroren arabera osatu beharko dugu armairua, hagitz ongi pentsatu behar baita zein 40 prenda aukeratu. Metodoa bezeroei erakusten diet eta beraien armairuan aplikatzen dugu. Norberaren armairutik hasita hasten da prozesua eta bada jendea prozesuan ez dutenak inolako erosketarik egiten.

Zein dira hurrengo urratsak?
Bakoitzak duen estiloa aztertzeko elkarrizketa bat egiten dugu. Hemen ikusi behar dugu bakoitzarentzat zen den eder egotea bakoitzak daukalako bere definizioa. Bakoitzaren estiloa definitu behar dugu gure buruarekin gustura egoteko ezinbertzekoa baita. Horretarako gustu pertsonalak aztertzen ditut, zein bizitza estilo eta erritmo duen, bere bizitza nolakoa den. bere argazkiak aztertzen ditut… Ondotik, arropa horiek konbinatzen hasten gara. Bakoitzak etxean dituen arropetatik hasita, hainbat maneratan nola konbinatu erakusten dut, gure helburua betetzeko. Konbinazioak sortuko ditugu bakoitzak aukeratu duen estiloaren arabera, eta bezeroari erakutsiz nola egiten ahal duen. Kolorea lantzen dugu: bakoitzari zein kolore gelditzen zaion hobekien, nola egin koloreen konbinaketa… Eta azken urratsa erosketak izaten dira. Arropa estrategikoki nola erosi irakasten dut.

«Bakoitzak dauka bere edertasunaren definizioa»

Metodologia praktikoa izaten da?
Uneoro izaten da ikasi, aplikatuta eta kontsultatu. Ordena horretan lortzen da metodologia hau zure barrenean txertatzea. Programaren funtzioa da behin bukatuta bezeroa kapaz izatea bere armairua bakarrik osatzeko eta ez egotea nire menpe programa bukatu ondotik. Programa beti egiten da osorik, hasieratik bukaerara, eta sei hilabete irauten duenez bi urtarotako armairua osatzen dugu.  Bertze aholkulari batzuk moduluak banaka egiten dituzte, siluetaren azterketa bakarrik eginez, edo erosketak egiten lagunduz…. Baina hori bakarrik eginda bezeroak ez du ikasten eta horrek ez du beraien bizitza eraldatzen. Programaren helburua da bukatzean bezeroa gai izatea bere armairua bakarrik osatzeko eta horretarako konfiantza izatea.

'Armario versatil' (Egokitu daitekeen armairua) izeneko erronka duzu esku artean orain. 


Erronka hau debaldeko erronka da, eta oraintxe bertan 400 emakume ari dira egiten. 2017an hasi nintzen egiten eta  manera bat da jendea mundu honetara hurbiltzeko. Lau klase izaten dira, eta klase bakoitza izaten da erronka bat. Arropa nola konbinatu ulertu eta ikasiko dugu, armairuak kudeatzen… 40/400 metodoa ere esplikatu eta adibide praktikoak ikasiko ditugu… Eduki mamitsua da Eta noski, erronka egiten duten aunitz gero nire programa egiten hasten dira. Niri balio dit jende aunitzengana ailegatzeko, nire lan egiteko manera erakusteko, hori ezagutarazteko, eta pixka bat erakusteko… Erronka probatzen duten aunitzek hori ikusita erabakitzen dute tailer osoa egitea.

Zer gehiago nabarmenduko zenuke? 
Jantzi eta gure burua ongi ikusteak ez datza arropa aunitz izatean, gure burua ezagutzean baizik. Zeure burua ongi ikustea ez da kasualitatea eta ez du zerikusirik tailarekin, ezta adinarekin ere. Zeure burua ongi ikusi behar duzu zuregatik eta zuretzat. Hau ez da bertzeen gustuko izateko egiten dugun zerbait, baizik eta gu gure buruarekin gustura egoteko. Autoestimua, indarra eta segurtasuna irabazteko bertze estrategia bat da, on egiten digulako gure buruarekin gustura egoteak. 

Zaida Muñonez webegunean hemen

Zaida Muñozen Instagram kontua hemen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun