Lehen sektoreari eusteko xardangoa egin dute Bertizaranan, Bortzirietan eta Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 23a

Zutik, Maite Urroz, Arkaitz Vicente, Joseba Sarratea, Xiker Salaberria eta Ainhoa Goñi. Eserita, Maialen Trantxe eta Haizea Belarra. Bertizaran, Bortziriak eta Malerrekako ekoizleak biltzen dituen Xardango elkarteko sortzaileak.

Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako ekoizleak Xardango elkartean bildu dira eta urriaren 23an, ortzegun eguerdian, egin dute aurkezpena Donezteben zenbait herritako alkate-zinegotzi eta Itsasne Mendiberri, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako elikadura dinamizatzaileak lagunduta. 

Bidasoaldeko ekoizleak biltzen dituen Xardango elkartea aurkeztu dute Donezteben eta Berako Lurraren Egunean, Doneztebeko ferietan, Lesakako ferietan eta eguberrietan produktuen saskiak salduko dituzte

«Xardango bat pisu handia duen edo hausteko arriskua duen zerbait eusten duen makila edo haga da. Gure baserri eta baratzetan fruituz gainezka dagoen adar bat, edo haizeak kolpatzeko arriskua duen arbola bat eusteko erabiltzen ditugu xardangoak. Xardango elkarteak ere paper hori bete nahi du gure eskualdean, kili-kolo dagoen gure lehenbiziko sektoreari eutsi, etorkizunean indar eta pisu handia hartu dezan». Halaxe aurkeztu dute elkartea eta ezagutzera emateko, datozen asteetan gure inguruan izanen diren hitzordu garrantzitsuetan beraien produktuz osatutako saskiak salduko dituzte: Berako Lurraren Egunean urriaren 26an, Doneztebeko ferietan azaroaren 14an eta Lesakako ferietan azaroaren 20an. Eguberrietan ere salduko dituzte, «gure etxeetan ekoizten dena ezagutu dezazuen eta tokiko eta sasoiko kontsumoa bultzatzeko asmoz».

Zehazki, Ainhoa Goñi (Lesakako Agorleku gaztandegia eta ardi latxak), Xiker Salaberria (Berako Beraska erlezain ekologikoa), Joseba Sarratea (Doneztebeko abeltzaina eta frutagintza), Arkaitz Vicente (Sunbillako Lizun gaztandegia eta ardi hazlea), Maite Urroz (Donamariako Kibbi Sat, kiwi eta sagar ekoizlea), Maialen Txantre (Berako baratzezaina, Zugarramurdiko barazkiak freskoan saltzeko) eta Haizea Belarra (Berako Erlanki ezti ekologikoko erlezaina) dira oraingoz elkartea osatzen dutenak, baina eskualdeko ekoizle guztiendako ateak zabalik dituzte.

Ia bi urteko prozesua

Ia bi urteko prozesu baten ondotik aurkeztu dute Xardango. Beraien ikuspegitik, «lehen sektorea, hau da, elikagaien ekoizpena, egoera larrian dago orokorrean, baita gure eskualdean ere. Jende gutti gara honetan lan egiten dugunak, lan baldintzak ez dira errazak eta aunitzetan iraunkorrak ez diren ereduak bultzatzen dira. Hala ere, elikagairik gabe ez dago bizitzarik, denok jaten dugu egunero, eta uste dugu gure lana garrantzitsua eta ezinbertzekoa dela».

Azken urteetan gure eskualdean bertako ekoizpenaren eta kontsumoaren aldeko pausoak ematen ari direla ikusten du Xardangok: «Zenbait jangela publikotan sasoiko eta gertuko produktuen aldeko apustua egin da, merkatuetan bertako ekoizleak indartzen dira, kontsumo aldetik kalitatezko eta tokiko produktuak bilatzen dira… baina oraindik ere gauza aunitz dago egiteko, batez ere lehen sektorea indartu, lurrak elikagaiak ekoiztera bideratu, eta lanbide hau duina izan behar dela aldarrikatzeko bidean». Horregatik, «elkarlanean aritzeko borondatez» sortu dute elkartea. Alde horretatik, eskerrak eman nahi izan dizkiote Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako elikadura dinamizatzaileari, «elkartearen sorrera prozesu honetan ezinbertzeko bidelaguna eta bultzatzailea izan delako, eta hemendik aitzinera ere gure ondoan egotea nahi dugulako».

Helburuen dekalogoa

Xardango elkartearen helburuak hamar puntutan laburbildu dituzte:

  1. Nekazaritza eta abeltzaintza eredu iraunkorra sustatzea.
  2. Bertako arrazak eta barietateak sustatzea.
  3. Eskualdeko produktuak promozionatzea.
  4. Sektorea balioan jartzeko nekazariak, abeltzainak eta eraldatzaileak elkartu eta indar bat sortzea.
  5. Merkaturatzea kolektiboki antolatzea.
  6. Jantoki kolektiboak hornitzea (ikastetxeetako eta zahar egoitzetako jantokiak, bertzeak bertze)
  7. Sektorean instalazio berriak sustatzea.
  8. Azoka berriak antolatzea eta daudenak indartzea.
  9. Ekoizleen beharretara egokitutako formakuntzak antolatzea.
  10. Kontzientzia sortzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun