Ezinbestekoak euskararentzat Agerrean goiburuarekin eginen du Errigorak udazkeneko bere kanpaina. Gaur goizean hasi da saskiak eskatzeko epea, eta azaroaren 13an bukatuko da.
Udazkeneko kanpainan euskararentzat Agerrean ezinbestekoak direnei egin die erreferentzia Errigorak: AEK, Sortzen, ikastolak eta Agerraldia. «Euskarak arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan. Zuhaitz bat balira bezala hizkuntza sustraitzeko lanetan ari dira, baina baita bertako euskaldunek arnasa har dezaten aire kutsatua garbi bilakatzen ere. Udaberriro-udaberriro loratzen dira, hizkuntza ez dadin zimeldu». Zuhaitzak lanean segi dezan, gainerako lurraldeetako euskaltzaleak «ezinbestekoak» dira Errigorarentzat: «Haize eta euriaren kontra jarduten duten horiei goxotasuna eta maitasuna bidaltzeko aukera bat dugu Euskarari Puzka kanpaina. Asmo horretan auzolana tresna eta palanka, ezinbesteko elkartasun keinua da Euskarari Puzka kanpaina, ekintza txiki asko batuta sortzen den handitasun horregatik..
Hiru saski aukeran
Azken urteetan bezala, aurten ere hiru saski egonen dira eskuragarri udazkeneko kanpainan: saski beltza, produktu ekologikoz osatutako saski berdea, eta saski gorria. Saski denen balioaren %25 Nafarroa erdia eta hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da.
- Saski beltzak 60 euroko prezioa du eta honako produktuak daude: olioa, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.
- Saski berdea produktu ekologikoz osatuta dago eta honako produktuak daude bertan: piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pata, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina eta ardo beltz erdi ondua. 65 euroko prezioa du.
- Saski gorriak, berriz, 75 euroko prezioa du eta honako produktuak ditu barrenean: ardo beltza, ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, mantekadakak, polboroiak, argi gazta, txokolatezko molineritoak eta patxarana.
Eskaerak nola egin?
Eskaerak ahal dela online egiteko eskatu dute errigora.eus helbidean. Hala ere, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakiak betez ere egin ahal izanen da. Horretarako, inprimakia herriko arduradunari eman beharko zaio. Eskaera eginda, azaro bukaeran edo abendu hasieran bildu beharko dira saskiak.
Eskaerak non bildu?
Eskaera egitean zehaztu beharko da bilketa puntua, eta eskualdean honako herri hauetan izanen da: Arantza, Areso, Bera, Baztan, Doneztebe, Goizueta, Igantzi, Leitza, Lesaka, Sara eta Senpere.